Xabier Gallardon, Gabikan garaile
Xabier Gallardon Eugi izan da XII. Ereño Enduro lasterketako parte hartzailerik bizkorrena. Gabika auzoak hartu duen proba gogorrak 120 lagun inguruko maila handiko parte hartzea eduki du.
Ez da Xabier Gallardon Eugi baino bizkorragorik egon Gabikan. Ereñoko auzune horrek hartu du gaur [ekainak 21] XII. Ereño Enduro lasterketa, eta zelan hartu, gainera. Izan ere, Euskal Herriko Txapelketarako proba puntuagarria izateaz gain, Gaztela eta Leongorako puntuak ere banatu ditu; hala, hainbat tokitatik bertaratutako 120 parte hartzaile inguruk neurtu dituzte indarrak Gernika Off-Road taldeak bikain antolatutako lasterketan.
Pilotuek zailtasun handiko ibilbideari hiru itzuli egin behar izan dizkiote. Bidean, bi tarte kronometratu topatu dituzte, baina batetik bestera bitarteko denbora ere neurtua eduki dute; bitarte horietarako ezarritako denbora baino gehiago baliatu behar izanez gero, denbora zigorra jaso dute motozaleek. Lehia polita egon da bai Ereñoko herriguneko, bai Buztarriganako tarte kronometratuetan zein nagusituko, baina probaren hondarrean Gallardon eta bere motorra nagusitu dira: 28.58,248ko erregistroagaz gailendu da seniorren Txapelketa sailkapenean. Erlojua 29 minutuen langatik jaistea lortu duen bakarra izan da gaurkoan.
Irabazleak podiumean lagun izan ditu, bigarren postuan, Borja Nieta Hazas (29.01,329), eta, hirugarren, Paul Bravo Arrinda (29.09,387). Seniorren Trofeo sailkapenean, aldiz, Carlos Crespo Velezek (31.03,142) bere legea ezarri du, hurrenez hurren, Danel Arrieta Ugalde (31.11,250) eta Galder Santamaria Martinezen (31.25,711) aurretik. Gazte mailako sailkapenei dagokienez, Txapelketan Oier Santiso Aramaio (30.31,056) izan da bizkorrena; lehen hiruren podiuma Eneko Martinez Urkijok (30.45,652) eta Gorka Larisgoitia Ortegak (30.55,240) osatu dute, hurrenkeraz. Maila horretako Trofeo lehia, berriz, Gorka Blanco Puentek (30.54,326) bereganatu du; ondoren sailkatu dira Aiur Areitio Fernandez (31.06,918) eta Daniel Hernando Rebe (31.12,904). Azkenik, Aitana Peña Surgak irabazi du emakumezkoen neurketa, Alba Martin Garcia menperatuta. Beteranoen artean, David Corrales Garcia (29.56,626) izan da irabazlea, David Canibe Aretxagaren (30.14,605) eta Iker Egaña Aristondoren (31.18,617) aurretik.
Giro ederra egon da goiz nahiz eguerdi aldean hala Gabikan, nola Ereñoko Elizalden. Gabikan, hain zuzen, asko izan dira aparkaleku edo paddock-a kuxkuxeatzera hurreratu diren ikusleak, baita sari banaketa ekitaldira animatu direnak ere. Txokoan ipinitako txosnan, langileak behin eta berriro jan-edana zerbitzen ibili dira, eta musika zein jai giroa ere ez dira falta izan.




































































