Zapatuan jarriko dute martxan eskualdeko Bizkaibusen eskaripeko zerbitzu berria
Zerbitzu horren proba pilotua Busturialdean egingo dute, zapatu honetan [ekainak 21] hasita. Lehen fase pilotua uda osoan indarrean egongo da, eta erabiltzaileen erabilera datuak jasoko dituzte, baita gehien eskaturiko ibilbideak zeintzuk diren ere. Aldunditik iragarri dute irailetik aurrera prozesu parte hartzailea zabalduko dutela.

Bizkaibusek hainbat berrikuntza argitara eman ditu, hurrengo hilabeteei begira; horietako bat Bizkaiko landa eremuetan abiatu gura duten eskaripeko autobus zerbitzua da. Hain zuzen, zerbitzu horren proba pilotua Busturialdean egingo dute, zapatu honetan [ekainak 21] hasita. Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa da 2026tik aurrera eskaripeko zerbitzua ezartzea Bizkai osoko landa eremuetan. Busturialdeko proba, horrenbestez, lehendabiziko urrats handia izango da.
Azaldu dutenaren arabera, autobus zerbitzuaren erabiltzaileek aplikazio bat baliatuz, Internet bidez edota telefonoz deituz egin ahalko dute zerbitzu eskakizuna, “beraien beharrizanetara egokituta eta etxetik gertuko geralekuekin”. Izan ere, beraiek zehaztuko dute nora eta noiz joan behar duten; ibilbideak eskariotara moldatuko dira, eta geltokia etxetik “ahalik eta gertuen” egongo da. Edozelan ere, eskaripeko zerbitzuak ez ditu orain arteko zerbitzuak ordezkatuko. Gernika-Lumo izango da Busturialdeko eskaripeko zerbitzuak izango dituen hiru adar nagusien eta Bizkaibusen “ibilbide tronkalen” arteko lotune zentroa, geraleku birekin: geltokia eta ospitalea.
Lehen fase pilotua uda osoan indarrean egongo da eskualdean, baita “udazkeneko hilabete batzuetan” ere. Tarte horretan bilduko dituzte, batetik, erabiltzaileen erabilera datuak, eta, bestetik, gehien eskaturiko ibilbideak. Halaber, aldunditik iragarri dute irailetik aurrera prozesu parte hartzailea zabalduko dutela, landa eremuetako herritarrek “demografia eta beharren datuekin beteko duten galdetegi batekin”.
Bildutako datuekin, algoritmo baten bitartez estimatuko dute, besteren artean, bidaia “hutsak” ekiditeko modua. “Herritarren ibilbideak eta ordutegiak aintzat izanda, bidaia komunak lortzea da jomuga, autobusak ez dezan bidaiarik egin ia hutsik dela”. Guztira, hamahiru dira proba pilotuan parte hartuko duten eskualdeko udalak: Ajangiz, Arratzu, Ea, Elantxobe, Ereño, Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Nabarniz, Sukarrieta, Errigoiti eta Morga.

Argazkia: Bizkaibus.
Eskaripeko zerbitzua aldundiaren “helburu esanguratsuena” izanik ere, zapatu honetatik aurrera aplikatuko dutena egungo ibilbideen “sendotze eta birdiseinatze” prozesua izango dela argitu dute. Orain arteko ohiko zerbitzuari, hala, 14 eta 17 leku bitarteko mikrobus zerbitzua batuko zaio. Zenbait udaletako alkate nahiz zinegotziek (adibidez, Errigoiti, Ereño zein Eakoek) jadanik probatu dituzte mikrobus horiek, “beraien erosotasuna, barne teknologia eta zerbitzuaren malgutasuna” beren-beregi ebaluatzeko. Mikrobus horiez gain, Bizkaibusek 142 autobus berri edukiko ditu, 2027a bitarte; horietako 21 elektrikoak izango dira, eta horiek kargatzeko egitura espezifikoa sortuko dute.
Hiru zutabeak.
Esan bezala, Gernika-Lumoko lotuneaz harago, hiru ibilbidek osatuko dute zerbitzuaren hezurdura. Iparraldekoak Elantxobe, Ibarrangelu, Ea, Sukarrieta Gernika-Lumogaz erlazionatuko dituzte. Hegoaldekoak, ostera, Mendata, Ereño, Arratzu eta Nabarnizi eragingo die. Ekialdeko ibilbideari dagokionez, Forua, Gautegiz Arteaga, Murueta eta Kortezubi barne hartuko ditu. Hiru enbor horiek 08:00retan Gernika-Lumon bat egitea aurreikusten dute, eta argitu orain arteko ordu bi inguruko itxaron denbora ordubetera murriztu ahalko dela. Ez hori bakarrik: ordutegiak aldaketak edukiko ditu uda nahiz negu sasoiaren arabera.
Egitasmoan inplikatuta dauden udaletako zenbaitetako ordezkariak hasi dira jadanik zerbitzu berriari buruzko iritziak plazaratzen. Mendatako udal ordezkaritzak, esate baterako, “oso positibotzat” jo du ekimena: “Herritarren benetako behar bati erantzuten dio”. Hain zuzen, ordutegi berrituaz gain, geraleku berria ere edukiko dute, Albiz auzoan: “Elexaldeko geralekua baino bost minutu lehenago, zerbitzu Albiztik pasatuko da; handitze hori pauso oso adierazgarria da, landa mugikortasunaren hobekuntzari begira”.
Errigoitiarrek ere geltoki berri bi edukiko dituzte udalerrian: Zallobante (Metxika) eta Baraia. Gainera, Errigoiti (Uria) eta Elizalde (Altoa) geralekuei izena aldatuko zaie. Udaletik herritarrei proba pilotuan parte hartzeko deialdia luzatu diete: “Behin betiko zerbitzua lehen fasean jasotzen duen erabileraren araberakoa izango da; behar besteko eskaririk antzeman ezean, zerbitzuaren maiztasuna dagokion beharretarako egokituko da berriro”.

Argazkia: Bizkaibus.
Arteagarren kasuan ere, ordutegiek aldaketa esanguratsuak jasoko dituzte. Izan ere, zerbitzu berriak bat egingo du hala Usansoloko Ospitaletik pasata Bilbo eta Lekeitio lotzen dituen ibilbidearekin, nola Gernika eta Ibarrangelu batzen dituen hondartzetako ibilbidearekin. Eatarren itxaron denbora ere ordu bitik bakarrera murriztuko da mikrobus zerbitzuari esker, baina udalak detektatu du hurrengo aurrerapausoa non ezkuta daitekeen: “Udalak zerbitzu berria Bedaronaraino eroateko saiakera egin du, baina, tamalez, Bizkaibusek gaur-gaurkoz ez du eman oniritzirik; dena dela, hori eskuratzeko lanean jarraituko dugu”.
Sonia Perez Ezkerra Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraio diputatuak azpimarratu du indarrean ipini gura duten zerbitzu berriak “landa eremuko mugikortasunaren paradigma errotik aldatuko” duela: “Herritar guztien eskubideez gabiltza, ez da autobus kontua; frogatuko dugu garraio publikoak erabateko eraginkortasunez funtziona dezakeela udalerririk edota txokorik txikienetan ere”. 2026rako lizitazioaren azken fasea biribiltzea dute ortzimugan aldundiko eta Bizkaibuseko arduradunek, baina baita zerbitzua lurralde osora hedatzea ere. Alde horretatik, Perezek aurreratu du “Enkarterri, Lea-Artibai, Arratialde eta Mungialdera” zabalduko dutela zerbitzu berria.