Busturia, herri kirol zaleen topaleku
Gure Kirolak Sustatzen programak Busturian egingo du geldialdia zapatuan [ekainak 21], erronka berezi bategaz: Ane Atxuegi Busturiko kopa jasotzeko ahalegina egingo du. Uztailaren 26an, berriz, Busturialdeko Harri Altxaile Txapelketa hartuko du udalerriak eta izen ematea zabalik dago.
Herri kirol zale, kirolari eta beraien ikusmira ase gura duten herritarrek hitzordua dute zapatuan [ekainak 21], Busturiko Altamira auzoan. Izan ere, Busturia izango da Sustabiz Fundazioaren Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen Jardunaldi Parte hartzaileak programaren hurrengo geralekua. 10:30ean elkartuko dira frontoian.
Sustabizek Busturiko Udalaren eta Busturiko Harri Berri Elkartearen laguntzagaz antolaturiko saioa Arkupe Sustabiz Kirol Elkarteko pilota partiduekin hasiko dute, 10:30ean. Jarraian, 6 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzendutako jardunaldi parte hartzaileari ekingo diote, herri kirolak belaunaldi berrien artean sustatzeko asmoz. Hitzordua Sustabizeko kideen herri kirol erakustaldiagaz biribilduko dute, 13:00etan. Hala, bertaratzen direnek Gari Elorriaga, Leire Astoreka eta Leire Olea gernika-lumotarrekin eta Ane Atxutegi usansolotarragaz gozatuko dute.
Atxutegik, gainera, erronka handia izango du zapatuan: 103 kiloko harria altxatzeko ahalegina egingo du, harri horren lehen marka ezarriz. 55 urte inguru dituen harri hori gaur egun Harri Berri elkartearen jabetzakoa da, eta elkartetik adierazi dutenez, Atxutegik iaztik du bere burua harri horrekin probatzeko ilusioz.
Harri Berritik “oso interesgarritzat” jo dituzte bai Sustabizek azken urteetan egin duen lana, bai eskualdeko udal eta bestelako agenteekin elkarlanean gauzatzen ari diren ekimenak, tartean zapatuan Busturian egingo dutena: “Jakina zen herri kirolei bultzada administrazioek eman behar ziotela, elkarte batek berak bakarrik ezin du egin. Sustabiz egiten ari dena herri edo elkarte batek berak bakarrik ezin du egin, oso zaila da. Orain oso ondo funtzionatzen ari da”. Gainera, Sustabiz herri kirolari ematen ari den ikusgarritasunak bestelako elkarte txikiagoei ere saioak eta lehiaketak antolatzaile “leiho berria” zabaldu diela uste dute, parte hartzaile kopurua “goranzko joeran” dagoelako,
Harri Berri Elkartea Saria.
Zapatukoa ez da Busturiak uda garaian hartuko duen herri kirol saio bakarra izango; Harri Berrik Busturialdeko Harri Altxaile Txapelketa antolatu du uztailaren 26rako [zapatua]. 18:00etatik aurrera lehiatuko dute Axpen, Santiago eta Santa Ana jaien barruan. I. Harri Berri Elkartea Saria txapelketan parte hartu gura dutenek uztailaren 4a [barikua] dute izena emateko azken eguna.
Emakumezkoak eta gizonezkoak bi multzotan banatuta ariko dira: emakumeak 75 kiloko harriagaz eta gizonak, berriz, 103 kilokoagaz, zapatuan Atxutegik erabiliko duen harri berdinagaz. Emakumeek erabiliko duten harria berria da, elkarteak lehiaketara begira erosi duena: “103 kiloko harria, Markina-Xemeinen egindakoa, harri konplikatua da; erosi duguna, 75 kilokoa, antzekoa da formaz —biak zilindroak dira—, baina oratzeko errazagoa da. 103 kilokoak pisu handia du behean”. Harri berriaren aukeraketagaz “ahalik eta parte hartzaile gehien” apuntatzea bilatu dute: “Gutxienez lauzpabost egotea nahiko genuke, ikusgarritasuna emateko”. Harri-jasotzaile guztiek bost minutuko txandatan lehiatuko dute.
Parte hartu gura dutenek bi baldintza bete baharko dituzte, “nahitaez”: Busturialdean erroldatuta egotea eta federatu-fitxa eguneratuta izatea. Bi baldintzak beteta, 686 57 25 86 telefono zenbakira deitu beharko dute txapelketan izena emateko.