Bigarren Rugby Eguna, kirola eta herri giroa uztartzeko
Ekainaren 21ean ospatuko da jaia; entrenamendu ireki batekin hasiko da, eta bazkari, bertso saio eta musika emanaldiak izango dira egun osoan.
Errugbi zaleek hitzordu berezia dute aurten ere: Rugby Eguna ekimena bigarren aldiz ospatuko da, klubaren eta zaleen arteko lotura sendotzeko helburuarekin: “Lehen Klubaren Eguna deitzen genuena taberna baten inguruan egiten zen. Orain, ordea, Rugby Eguna bihurtu dugu, formatuak izan duen aldaketak direla eta”. Aurreko urteko arrakasta ikusita, antolatzaileek jaialdiaren esentzia mantendu nahi izan dute, kirola eta jai giroa uztartuz.
Ekainaren 21ean izango da ospakizuna, eta goizeko 10:30ean hasiko da entrenamendu ireki batekin: “Helburua argia da: errugbi zaleek elkarrekin egun berezi bat pasatzeko aukera izatea, kirolaren bueltan”. Bertaratzen direnek Touch errugbiko partida batean parte hartzeko aukera izango dute. Ondoren, hirugarren denbora egingo da zelaian, eta trikipoteoa abiatuko da klubari babesa ematen dioten tabernetan barrena.
Bazkaria Astran egingo da, 15:30ean. Gaur izango da azken eguna tiketak erosi ahal izateko. Antolatzaileen arabera, 150 lagun inguruk parte hartzea espero da —iaz baino zertxobait gutxiago. Menua honako hau izango da: entsalada eta gizatua izango dira plater nagusiak, eta postrerako, klubaren laguntzaile diren Bidagureneko pastelak eta Omagoko izozkiak.
Bazkariaren ostean, 18:00etan bertso saioa izango da.Haurrentzako puzgarriak ere jartzeko asmoa bazegoen ere, umeentzako sarrerarik saldu ez denez, azkenean ez da jarduera hori egingo. Musika ez da faltako: 19:00etan elektrotxaranga izango da kaleetan zehar, eta 21:00etatik gauerdira DJ Ramix arituko da musika jartzen.