Herriarteko mintzodromoa antolatu dute Gernika BHIko HNPko partaideek
Hizkuntza Normalkuntza Proietkuko (HNP) partaideek antolatuta burutu dute gaur (ekainak 17) herriarteko mintzodromoa, Astran. Gai desberdinen inguruan ordu betez ikasleak euskaraz aritzea eta inguruko beste ikastxeetako errealitate linguistikoa ezagutu eta harremanak sendotzea izan da helburua.

Ikasturtea bukatzen doa, eta uda geroz eta hurbilago ikusten dute ikasleek. Hori ardatz, estreinakoz, Gernika BHIko Hizkuntza Normalkuntza Proiektuko partaideek herriarteko mintzodromoa antolatu dute Astran, gaurko. Urritik maitzera bitartean Ulibarri mintegietan hasi zen topaketa honen ideia garatzen, eta gaur burutu dute. Gernika-Lumoko ikasleez gain, Iurretako Orobiogoitia BHI, Durangoko Nevers ikastetxea, Galdakaoko Elexalde BHI, Bengoetxe BHI eta Eguzkibegi ikastola, eta Basauriko ikastetxeko ikasleak bildu dira goizean, Astran. Hala, 10:30ean hasiera eman eta ordu betez aritu dira gai desberdinei buruz euskaraz “lasaitasun osoz” hitz egiten; 5-6 pertsonako mahaietan banatu dira bertaratutako 104 ikasleak, eta hamar minuturo gaiz aldatzen jardun dute mintzodromoak iraun bitartean.
Herriarteko mintzodromoa antolatzearen helburuak argi adierazi dituzte, oro har, Gernikako institutuko HNPko partaideek: “Gai desberdinen inguruan ordu betez ikasleak euskaraz aritzea eta inguruko beste ikastxeetako errealitate linguistikoa ezagutu eta harremanak sendotzea da helburua”. Bide batez, gainera, herri desberdinetako gazteen arteko harremanak sustatzea ere bilatu du goizeko ekimenak. Hitzez gain, musikaz eta janaz ere gozatu dute, goizean, besteak beste. Izan ere, zuzeneko musika izan dute, baita hamaiketakoa ere. Ondoren, Gernikako BHI-ko ikasleek antolatutako ibilbide kultural bat egin dute guztiek batera, harremanak estutzen eta euskaraz hitz egiten jarraituz.
“Bizkaiko ikastetxe publiko eta pribatuen arteko elkarlana” azpimarratu dute antolatzaileek, ekimena aurrera ateratzea lortzeko beharrezkoa izan baita talde lan hori. Aurten Gernika BHIri esleitu zaio anfitrioi lanetan aritzea, baina nabarmendu dute, asmoa topaketa gehiago egitea dela, eta era berean, Gernika-Lumon beste edizio baten parte hartzeko gonbidapena luzatu die Gernikako institutuak herriko gainontzeko ikastetxeei.
Ze, esan dute horrelako ekimena egiten den lehen aldia izan arren, hurrengo batean ere egitea gustatuko litzaiekela: “Euskararen Eguna, esaterako, egun aproposa izan daiteke herriarteko mintzodromoa errepikatzeko. Horrela, DBH 3, 4 eta batxilergoko ikasleek, abenduaren 3an Gernika-Lumoko herria euskaraz bustiko lukete, herriko ikastetxeen arteko harremanak sendotuz, gazteak beraien artean ezagutuz eta bere egunean euskarari omenaldi txiki bat eginez”.
Ulibarri. Esan bezala, gaur Astran burutu den topaketaren hastapenak Ulibarri mintegietan hasi ziren. Ulibarri Programa ikastetxeen hizkuntza normalizazioaren gainerko programa da. Hezkuntza Sailak 1996-1997 ikasturtean jarri zuen martxan eta, une honetan, EAEko 400 ikasle inguru ari dira programa horretan parte hartzen. Hizkuntza Normalizazioko Ulibarri programaren helburu nagusia EAEko ikastetxeetan euskararen ezagutza eta erabilera indartzea izanik, ikastetxeek eguneroko jarduna eta hezkuntza komunitatea aintzat hartzen ditu.















