Gorpuztietarako motorrak berotzen
Ibarrangelutarrek Gorpuzti jaiak ospatuko dituzte hilaren 19tik 28ra bitartean.
Asko dira ibarrangelutarrek beren agendetan letra larriz markatu ohi dituzten ospakizunak, baina ez dago Gorpuzti jaiak baino esanguratsuagorik beraientzat. Ekainaren 19tik 28ra bitartean ospatuko dituzte herritarrek elkarlanean atontzen dituzten Ibarrangeluko jaiak, eta denetariko ekimenez prestatutako egitaraua josi dute. “Herritar guztientzako jaiak” direla azpimarratu dute antolakuntzatik: “Adin, profil eta gustu denentzako egitasmoak antolatzen ahalegindu gara, eskaintza ahalik eta zabalena izan dadin”.
Hilaren 19an, eguenean, herriko jaietako ohiko taldeetako bat izango da protagonista: Ibarrangeluko gaitero eta pandero jotzaileak. Elizalden egingo dute beren estreinako emanaldia, meza ostean. Barikuan, Lagako hondartzako Toki Alaik marinel eta arrantzaleen ohiko talde bazkaria hartuko du. 20:00retan iritsiko da jaietako gailurretako bat: txupinazoa. Lorea dantza taldeko gaztetxoak izango dira txupin botatzeko ardura edukiko dutenak, eta jarraian Beti Alai fanfarreak kalejira girotuko du. Gaualdian, dezibelek ez dute inondik inora behera egingo: lehenik eta behin, Loon Vagos taldearen txanda izango da, ondoren Joxpa erromeriak erreleboa eman arte.
Ekainaren 21a izango da, antolatzaileen iritziz, jaietako “egun gorena”. Adin tarte guztiek edukiko dute zer ikusi, zer egin eta zertaz gozatu. Goizean, umeentzako jolasak ipiniko dituzte herriko pilotalekuan, eta ondoren Bermeoko erraldoien konpartsak lagunduko du herrian barrena egingo duten kalejira. 15:00etan, frontoia itxuraldatuko dute, bazkari herrikoirako: “Urtero legez, aurten ere 200 lagun inguru aurreikusten ditugu herritar bazkarirako; ibarrangelutarrek estimu handiz hartzen duten tartea da, bazkari osteko mahaigainekoagatik, solasaldiagatik eta jai giroagatik”. Josepa Kale Kaleren erritmora egingo dute bazkariaren digestioa, eta gauean DJ saioa egongo da Elixalden: “DJ saioa hobetsi dugu, ohiko kontzertu baten ordez. Nahiago dugu gauean DJ bat ipini, eta egunez, gazteentzako ez ezik, nagusientzako erakargarria den Josepa Kale Kale moduko proposamen bat egin”.
Domeka heltzeagaz batera, Lorea dantza taldeko dantzariek beren bertuteak erakusteko beste aukera bat edukiko dute, kasu horretan, euskal dantza emankizunagaz. Lehenago, txistulariek diana egingo dute kalez kal eta bazterrez bazter. Astea hasteko, gaztetxoenek euskal mitologia hurragotik ezagutzeko parada edukiko dute: euskal mitologiako pertsonaien marrazketa tailerra egongo da kultur etxean. Ostean, San Joan sua piztuko dute; sorgin dantzak, ipuin kontaketak eta txokolate janaldi herrikoiak lagunduko diote suteari.
Paellarik onenaren bila.
Hilaren 28ko paella txapelketa izango da jaietako beste kota handietako bat: “Ia hamar lagunartek parte hartzen dute normalean, hainbat udatiar edota lagun bertaratzen baitira. Parte hartzaileek 12:00etan izena eman beharko dute, eta paellak 14:00etarako prest eduki beharko dituzte”. Arratsaldean, jende andana elkartzen duen pilota izango da protagonista. Aurtengoan ere, “harrobiaren eta emakumezkoen parte hartzearen alde” egingo dute: “Duela zenbait urtetatik, partidu nagusiaz harago, Ibarrangelukoa emakume pilotarientzako plaza eta gazteentzako agertokia izatea bilatzen dugu, eta aurten ere bide hori jorratzen segituko dugu”.
Esku pilota eta pala partiduak izango dira gizonezkoen senior mailako partiduaren aurrekari: Urrutikoetxeak eta Arangurenek Larrazabalen eta Morgaetxebarriaren kontra neurtu beharko dituzte indarrak. Urteroko beste saio batek, Mariatxi Tierra De Orok, zarratuko du aurtengo gorpuztietako egitaraua. Urregorrizko emanaldia, beraz, urregorrizko jai batzuk biribiltzeko.
EGITARAUA
Ekainak 19, eguena.
12:00: Meza santua, San Andres elizan.
12:30: Ibarrangeluko gaitero eta pandero jotzaileak, Elixalden.
Ekainak 20, barikua.
10:30: Marinel eta arrantzaleen bazkaria, Lagako Toki Alain.
20:00: Txupinazoa eta kalejira, Beti Alai fanfarreagaz.
22:00: Loon Vagosen emanaldia.
23:00: Joxpa erromeria.
Ekainak 21, zapatua.
11:30: Umeentzako jolasak, frontoian.
13:00: Kalejira, Bermeoko erraldoien konpartsarekin.
15:00: Bazkari herrikoia, frontoian.
19:00: Josepa Kale Kaleren emanaldia, Elixalden.
23:00: DJ Imanol *Budha Bilbao*.
Ekainak 22, domeka.
10:00: Diana, herriko txistulariekin.
11:00: Meza nagusia, San Andres elizan.
Ondoren. Lorea dantza taldearen emanaldia.
17:00: Puzgarriak, frontoian.
Ekainak 23, astelehena.
17:00: Euskal mitologiako pertsonaien marrazketa tailerra, kultur etxean.
21:00: San Joan suaren piztea, sorgin dantza, ipuin kontaketa eta txokolate janaldiagaz.
Ekainak 28, zapatua.
12:00: Paella txapelketa herrikoiaren hasiera, izen emateagaz.
14:00: Paellen aurkezpena.
17:30: Esku pilota eta pala partiduak.
19:00: Binakako esku pilota partidua:Urrutikoetxea-Aranguren vs Larrazabal-Morgaetxebarria.
20:30: Mariatxi Tierra De Oro.
23:00: DJa.