Elkartasun uholdea eragin du Batera Garak Gernika-Lumon
Aurtengo elkartasun olatuaren helburua KBG sindromea duten ume, gazte eta horien familiei laguntzea eta euren egoera ikusaraztea zen, eta antolatzaileak jaialdiaren "lehen balorazio positiboa" egin dute. Bertaratutakoei zein boluntarioei euren ekarpen eta lana eskertu diete.

Elkartzeko, ezagutzeko, barre egiteko, jolasteko, korrika egiteko edota gauza berriak probatzeko eguna izan zen domekakoa (ekainak 15) Gernika-Lumon. Batera Gara elkartasun jaialdiaren elkartasun olatuak berdez jantzi zituen herriko txokoak eta plazak, eta ehunka herritarrek zein inguruko bizilagunek bat egin zuten elkartasun festagaz. Olatu berdeak marea berdearen elkartasun uholdea ekarri zuen udalerrira. Ekitaldiaren kantuak dioenari jarraiki, elkarri helduta, ametsak egi bihurtzeko beste pauso bat eman zuten.
Aurtengo elkartasun olatuaren helburua KBG sindromea duten ume, gazte eta horien familiei laguntzea eta euren egoera ikusaraztea zen, eta antolatzaileak “pozik” agertu dira jendearen erantzunagaz. “Jaialdia prestatzen hasi ginenetik asko izan dira, era batera edo bestera, elkartasuna adierazi digutenak, eta domekan ere, horrela izan zen. Familia eta lagun asko bertaratu ziren Pasealekura eta jai giroan murgildu ziren, euren ekarpenak eginez. Lehen balorazioa positiboa da, oso”, adierazi dute antolatzaileek. Eta, nabarmendu dute familia giroa izan zela nagusi Pasealekuan.
Goizean, eguraldi eskasa tarteko, aurreikusten zutena baino jende gutxiago gerturatu zen martxa luzera, baina euria eteteagaz eta eguzki izpiak nabaritzen hasteagaz batera jendea Pasealeku ingurura gerturatzen hasi zela diote Batera Garako kideek, euren helburua bete dutela nabarmenduta: “Jendearen erantzunagaz oso pozik geratu gara”.
Une hunkigarriagaz hasi zen, beste behin, elkartasun jaia. Izan ere, KBG sindromea elkarteko kideek eman zioten hasiera ekitaldiari, jaialdiaren izena zeraman zinta ebakiz. KBG sindromea ikusaraztea bilatzen zuen jaialdiak, eta egitekoa bete du. Izan ere, gaixotasun arraroa da KBG sindromea: 150 kasu inguru daude Espainia mailan, eta bost bakarrik Bizkai, Araba eta Gipuzkoan; horietatik bi, Bizkaian, eta bata, Gernikan. “Gaixotasun berria da, 2011n aurkitutakoa. Ordutik, 150 kasu diagnostikatu dituzte, baina gehiago daudela uste dute medikuek”, azaldu du June Bidaguren KBG sindromea duen umearen amak eta KBG sindromea elkarteko kideak. Hori dela eta, gaixotasun hori ikusaraztea izan zela eguneko onena diote antolatzaileek: “Kamiseta berde asko ikus zitezkeen udalerrian, eta kamiseta horietako bakoitza jantzi zuenak bazekien zer zen sindromea. Beraz, oso pozik gaude”.
Gaixotasuna mutazio genetiko batek eragiten duela dio, gehienetan ausaz ematen denak. Eta, gaixotasuna dutenek hainbat ezaugarri amankomunean badituzte ere, ez daudela sintoma berdinak dituzten bi ume berdin gehitu du. Hori dela eta, elkartasun jaitik lortzen den dirua %100 KBG sindromea duten haur, gazte eta familien bizi kalitatea hobetzera bideratuko dute. Ze, ez dago tratamenturik, baina sintomak trata daitezke, eta, horretarako, “garrantzitsuena” gaixotasuna arin antzematea da. Gainera, dirua ikerketara ere bideratuko dutela gogoratu dute dute: Murtziako unibertsitate batean badago ikerketa talde bat KBG sindromea aztergai duena, eta ikerketa horretarako ekarpena egin gura dute.
Helburu hori lortzeko bat eginda egin dute lan Batera Garako kideek, eta ilusioak neurrira egindako mundu bat eraiki dezakeela erakutsi dute. Eta gernikarrek zein inguruko bizilagunek ez zuten hutsik egin, eta beste behin, elkartasunak ez duela mugarik erakutsi zuten domekan.
Denetariko ekintzak.
Beste urte batez, tonbola solidarioak erantzun “bikaina” izan zuen. Herriko merkatariek, norbanakoek, ikastetxeek, taldeek zein enpresek emandako askotariko produktuak jarri zituzte bertan, eta herritarren parte hartzea nabarmena izan zen: “Dena saldu zen, ikaragarria izan zen”. Elkartasun paella ere egin zuten, eta errazio banatu eta banatu ibili ziren.
Sustabiz Fundazioaren herri kirol parte hartzaileen saioa ere “arrakastatsua” izan zela diote antolatzaileek, jendetza erakarri zuelako, eta denetariko herri kirolak probatzeko aukera izan zutelako bertaratu zirenek. Herri kirolez gain, Ehunzango jolasakekoen gaztelu puzgarriak ere gazteenen arreta erakarri zuen, jende askoren elkargune bihurtuz.
Zinta moztu zutenean, 5 kilometroko lasterketari eman zioten hasiera. Bakoitzak bere erritmoa mantenduz, eta poztasunez eta elkartasunez beteta, Pasealekuan bukatu zuten Arrien tabernaren parean hasi zuten lasterketa. 5 kilometroko lasterketaren ostean, 500 metroko lasterketaren txanda izan zen, eta bigarren txanda horretan lehenengoan baino jende gehiago batu zela nabarmendu dute antolatzaileek. Kontzertuak ere “oso ondo” egon zirela diote, jendea dantza egitera animatu zelako eta herritarren interesa piztu zutelako. “Jende asko erakarri zuten kontzertuek, eta polita izan zen. Trentza solidarioen ekintza ere arrakastatsua izan zen. Orokorrean, umeei zuzendutako ekintzak ederto joan ziren, baita tonbola zein txosna ere”.
Antolakuntzaileek boluntarioei —norbanako, herriko eragile, talde, ikastetxe…— euren esker ona adierazi diete, asko lagundu zietelako, bai egunean, bai egunaren aurreko prestaketeta lanetan. Egindako “ahalegina handia” izan da, baina “egun zoragarri eta jendetsuan” igaro zuten eguna, elkartasuna sustatzeko hitzorduan. Ondorioz, “pozik” eta “indartsu” oraindik, bi urte barrurako ekitaldian jarri dute burua, baina, deskantsua hartzeko unea dute orain arduradunek: “Hala ere, bagabiltza buruari zenbait buelta ematen”.





































































