Ibarrangelu eta Mundaka Ueman sartu dira
Beste hainbat herrirekin batera, Ibarrangeluk eta Mundakak Ueman sartzea eskatu zuten osoko bilkuretan; zapatuan, batzar nagusia burutu zuten Azpeitian, eta eskaerak onartu zituzten, besteak beste.

Besteren artean, Ibarrangelu eta Mundaka Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartu dira. Izan ere, biek ala biek horretan sartzeko eskaera egin zuten osoko bilkuretan, eta asteburuan onartu zuen Uemak eskaera. Hala, zapatuan (ekainak 14) aurtengo lehenengo batzar nagusia burutu zuen Uemak, Azkoitian. Aditzera eman dutenez, horretan, mankomunitatea osatzen duten udalerrietako 125 alkate eta zinegotzi bildu ziren, 2025-2029ko plan estrategikoa onartzeko, eta aipatutako eskaerak onartzeko. Uemaren parte diren udalerriak kontuan izanez, gaineratu dute, “253.000 biztanleko lurgune euskalduna” osatzen dutela gaur egun. Horien artean, Busturialdeak ere badu presentzia: Ajangiz, Bermeo, Busturia, Ea eta Muxika dagoeneko Ueman sartuta daude.
Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa era Ormaiztegiko udalek egin dute bat zapatuan, halaber, mankomunitatearekin. Uemako lehendakari den Martin Aramendik berria “poztekoa” dela nabarmendu du: “Hazten ari da udalerri euskaldunen lurgunea, eta horrekin batera, baita Uema ere. Poztekoa da gaur bost udalerri gehiago izatea gure artean”. Gauzak horrela, ongietorria eman, eta lanean hasteko eskua luzatu dutela esan du Aramendik, izan ere, “hazkundeak eta euskararen ezagutzan oinarritutako datuek soilik ez dute bermatzen udalerri euskaldunetan euskara osasuntsu egotea”. Hori ardatz, zapatuan onartutako plan estrategikoarekin batera, azaldu dute, “lanerako ardatz berriak” ere onartu zituztela.
Uemaren ohiko ildo estrategikoak berrestearekin batera, Uemaren koordinatzaile den Miren Segurolak adierazi zuen, gaur egungo egoera soziolinguistikoak eta euskararen egoera ulertzeko azken gakoek lanerako ardatz berriak zehaztea eta abiaraztea eskatzen dutela, eta horiek biltzen dituela hurrengo lau urteotarako plan estrategikoak, Uemaren helburu nagusiei erantzun ahal izateko.
Herri berrien eskaerak eta plan estrategikoa onartu zituzten, bai, baina beste hainbat kontu ere izan zituzten aztergai batzar nagusian. Esaterako, Siadeco ikerketa etxeak Uemarentzat egindako proiekzio demolinguistikoa aurkeztu zuen Iñaki Iurrebaso soziologoak eta UEMAren ikerketa arduradunak; Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzioaren emaitzen berri eman zien batzarkideei. Gogoratu zutenez, 2036an euskararen egoera zein izango den aztertu dute proiekzio demolinguistiko horretan, batik bat, gertatzen ari diren aldaketa demografikoak kontuan izanik.
Egungo egoera
Bestalde, herriz herri euskararen egoerari buruzko argazki eguneratua biltzen duten koaderno demolinguistikoak egiten ari da mankomunitatea, eta horren berri ere eman zuten zapatuan. Horrez gain, urrian Euskal Herrian egitekoa den arnasguneei buruzko nazioarteko konferentzia, euskara eta kulturartekotasuna uztartuz gurasoentzako berariaz prestatutako Etorri euskarara! ikastaro berriei buruzko informazioa eman zuten, edota euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko Uemak EITBrekin berretsi eta zabaldu duen hitzarmena azaldu zuten. Udal desberdinen kezkak ere hizpide izan zituzten; hala nola, euskararen aurkako oldarraldiaren harirako zalantzak.