Alaine Agirre: "'Euri eta ateri' izango da oroituko dudan liburu horietako bat; gustura nago"
Haur eta gazte literaturaren eta helduen literaturaren arteko muga lausoan kokatutako ‘Euri eta ateri’ lana ondu du Alaine Agirre idazle bermeotarrak, bere ibilbidean "mugarri bat" dena, bere berbetan. Neurodibergentea den pertsonaia bati buruz idatzi gura izan du, baina bere neurodibergentzian arreta jarri beharrean, pertsonaia hori gaixotzen duen sistema erretratatuz.

Testuinguruak eraginda, egoerak gain eginda dagoen Noraren ezinegona kontatzen duen errelatoa aurkeztu du Alaine Agirre idazle bermeotarrak: Euri eta ateri. Dramatismotik urrun, sistemak eta testuinguruak pertsonengan nolako eragina duten islatzen duen ipuina da.
Haur eta gazte literaturako Lizardi saria eskuratuta idatzi du Euri eta ateri (Elkar) lana Agirrek, baina ez du saria lehen aldiz eskuratu; 2015ean Hau ez da zoo bat liburua izan zen irabazlea, eta, hamar urte hauetan, bere idazkera zein bera eraldatu egin direla dio bermeotarrak. Eta, ipuin honekin “beste norabait” iritsi dela sentizen du: “Idazketa beti izan da niretzat deskubrimentua, baina testu honetan bereziki ibili naiz Dora esploratzailea modura, bilatzen eta esploratzen. Eta, bilatu dut, adibidez, idazteko beste modu bat, beste tonalitate edo kolore gama bat”.
Bere idazkera moldatu du, eta, barne munduan arreta jarri beharrean, pertsonaia mugitzen den testuinguru horretan jarri du fokua, idazteko bestelako eredu bat bereganatuz. “Asko kostatu” zaiola ipuina idaztea onartu du gaurko (ekainak 16) aurkezpenean, hasiera bera hiruzpalau aldiz berregin zuela esanda. Baina, behin lana zelan geratu den ikusita eta irakurri dutenek “nola sentitu duten” ikusita, Agirrek gehitu du “gogobetetze handia” sentitu duela: “Uste dut liburu hau izango dela oroituko dudan liburu horietako bat; gustura nago topatu dudan formularekin, ze gaia mamitsua da, baina tratatzeko moduagatik ez da batere pisutsua geratu. Nahi izan dut ur azpiko sakontasunean sartu, baina oraingo honetan oxigeno bonbona batekin. Ez dut uste irakurlea itoko dudanik”.
Izan ere, gai korapilatsuari buruz idatzi du: testuinguruak pertsonengan nolako eragina izan dezakeen erakutsi gura izan du. Nora harrapatuta sentitzen da lan “aspergarri, mekaniko eta burokratiko batean”, eta “kolapso” une batera ailegatuko da. Paralisiak jota, ezin mugitu, ezin hitz egin geratuko da, “itzalita”. Eta dena utzi eta izebaren baserrira joango da, non inguruneak eta lasaitasunak leku garrantzitsua duten. “Erritmoa geldotu ahala, apurka-apurka, joango da osatzen”, onartu du idazleak.
Protagonistak sozializazioaren alderantzizko bidea biziko duela dio idazleak, “zibilizazioaren eragin batzuk ezabatuko dituelako, geruzak, pisuak erantsiz”. Eta, hori guztia islatzeko, urtaroekin jolasten du Agirrek, ze urteroen bidez irudikatzen ditu barrua hustea (udazkena eta negua) eta biziberritzea (udaberria): “Nora kanpoko urtaroekiko deslotuta sentitzen da, sistemaren erritmo zoroari ezin jarraituta dabilelako: horren sinboloa da aterkia. Hala, euririk egiten ez duen arratsaldeetan ere, aterkipean iristen da etxera. Kanpoko eta barruko urtaroen arteko kontraste edo talka bat dago. Udaberrian beteko zaio barrua, lore eta kimuekin. Orduan iritsiko zaio bere uda propioa, eta eguzki izpien argitan erabakiko du zein den bere lekua”.
Testuinguruaren garrantzia.
Liburu honetako gakoetako bat testuingurua dela dio idazleak. Bere lanetan garrantzia handia izan du barne munduak, barneko sentimenduek, hori baita bere “obsesioa”. Baina, oraingoan, kontrako noranzkoa hartu du: “Pertsonaien barruan sartu eta horien sentsazioak edo sentimenduak barrutik deskribatu beharrean, kanpoko testuinguruan jarri ditut eta adierazi dut testuinguru jakin horrek nola eragiten duen protagonistaren egoera korporal eta emozionaletan: emozioa, kolapsoa, isolamendua, disoziazioa, antsietatea edota depresioa bezalako gaiak topatu eta deskribatu ditut, ze nahi nuen irakurleak eszenatoki bakoitzeko estimuluak han egongo balitz bezala jasotzea”.

Alaine Agirre idazle bermeotarra ‘Euri eta ateri’ liburuaren aurkezpean.Elkar
Izan ere, ipuinaren lerroen artean zein berben beste aldean “ero harrotasuna eta neurodibergentea denaren arrotasuna” ere badaudela dio: “Neurodibergentea den pertsonaia bati buruz idatzi nahi nuen, baina bere neurodibergentzian arreta jarri beharrean, beharrezkoa nuen pertsonaia hori gaixotzen duen sistema erretratatzea“.
Ipuina bereziki haur eta gazteei zuzendutakoa da “tonu eta trataeragatik”, baina edozein adinetako irakurleentzat ere badela sinesten du Agirrek: “Ez dut uste haur eta nerabeentzat bakarrik denik. Benetan sentitzen dut edonork irakur dezakeela. Edukian, osasun mentala eta zaintza lantzen ditu, eta irakurketa elaboratuago bat egin dezakete heldu batzuek, baina denentzako lana da, poetikotasuna eta estetika zaintzen dituena”.
Hain zuzen ere, Antxiñe Mendizabal editoreak ere nabarmendu du haur eta gazte literaturaren eta helduen literaturaren arteko muga lausoan kokatutako obra dela: “Oso ondo adierazten du haur edo gazte literaturaren eta helduen literaturaren artean dagoen muga lauso hori, batzuetan lubaki bat ere izaten dena, eta ezabatu bezala egiten du. Eta, uste dut, muga lauso horiek zenbat eta gehiago ezabatu, orduan eta gehiago ari garela literaturaren alde egiten”.
Editoreak nabarmendu du “abentura xumeak eta desbentura galantak” jasotzen dituen liburua “arina” dela, baina horrek ez duela esan gura “arina” izan denik hori lortzera iristea. “Arintasun horrek ematen du aukera gai gordin bati buruz beste era batera hitz egiteko, dramatismorik barik. Gordintasuna ere ezabatu egiten da eta gelditzen da horrelako inguru natural bat”, gehitu du.
Testu horri Yolanda Mosquerak jarri dizkio irudiak, eta Agirrek bere lana azpimarratu du: “Ilustrazioak ez dira testuan nik azaldu ditudanak deskribatzera mugatzen. Beste proposamen batzuk egiten ditu eta hortik harago doa. Iritsi da zeozer berezia izatera. Zenbat eta gehiago begiratu ilustrazioei, orduan eta gauza gehiago deskubritu daitezke. Istorioa grafikoki eraiki du”. Bermeotarrak gehitu du irudi bidezko metafora asko daudela. “Kanpoko urtaroen eta barrukoaren arteko elkarrizketa ikus daiteke. Urteroei erreparatzen die eta bilakaera oso zaindua du. Zoragarria da ze lan egin duen”, dio idazleak, eta hori bera berretsi du editoreak. “Protagonistaren barne paisaia eta kanpokoa uztartu ditu, koloreak aldatuz, formak emanez. Testua eta ilustrazioa erabat uztartuta daude, eta sentsazio eta sentimendu berberetara eroaten dute irakurlea”.
Liburuagaz “borobiltasun sentsazioa” lortu duela aitortu du Agirrek, “zerbait potoloa” dramatismorik barik kontatu duelako, eta, horrek bere ibilbidean “mugarri bat” ezarri duela uste du: “Nahi izaten dut testua animalia bizi bat izatea. Eta konturatu naiz zenbat kostatzen zaidan testua askatzea. Oso gutxitan iritsi zait bake eta borobiltasun sentsazio hori, baina uste dut ia-ia lortu dudala. Sentitu dut liburu hau beste zeozer dela, nire ibilbidean mugarri bat dela. Oso eskertuta nago atera delako, forzeps askorekin eta lan handiarekin, baina, uste dut iritsi naizela leku batera non zerbait deskrubitu dudan. Gustura nago, deskubrimentu sentsazioa daukat”.