Sardina janean batu dira herritarrak, San Antonio egunez
Ohitura eutsiz, San Antonio Eguna ospatzen ari dira Abiñan. Arratsaldean jarraituko du festak: apar festagaz eta gazteluekin gozatuko dute txikienek eta helduak, berriz, pintxo potean elkartuko dira.

Sankristobalak, Santiago eta Santa Ana jaiak, Edurtzetako Andra Mari jaiak, Itsasoko Ama Birjinaren jaiak, San Bartolomejo jaiak… Udari hasiera emateagaz batera, hamaikatxu hitzordurako deia dute busturiarrek. Gaur [ekainak 13] baina, udaberriari agur esateko astebete falta denean, Abiñan izan dute urteroko hitzordua, San Antonio Eguna ospatzeko.
Ohiturari eutsiz, aurten ere txistulariek eman diote hasiera jai egunari. Goiztiarrenak txistu hotsez lagunduta kalejiran aritu dira hondartza innguruan, eguraldi beroak lagunduta. Kalejirak Andoni Deunaren baselizan izan du azken geldialdia, urtero bezala meza nagusia entzuteko. Jarraian, sardina erreen usainak parkearen beste aldean elkartu ditu bai busturiarrak, bai hondartzan eguzkia hartzen zebiltzan bisitariak. Ilara luzea sortu da, denak ala denak sardina erreak jateko gogoz zeudelako. Itxaronaldia Etxebarria trikitilariek alaitu dute.
Tripak beteta, bizpahiru orduz atseden hartzeko aukera edukiko dute herritarrek, arratsaldean jaiarekin jarraitu aurretik. Etxeko txikienek 16:30ean dute hitzordua, umeentzako apar festa eta gaztelua egongo baitira aukeran. Helduak berriz, 20:00etan pintxo potean batuko dira, Kantu Kantarik girotuta.






































































