Ibarrangeluko Batzokia jatetxea
2018an jatetxeko ateak zabaldu zituztenetik, bertoko eta sasoiko produktuak eskaintzearen aldeko apustua egiten du Ibarrangeluko Batzokiak.

Zazpi urte daramatza Iraia Lavin durangarrak bere lantalde zabalagaz batera, Ibarrangeluko Batzokia Jatetxean. 2018an zabaldu zituzten ateak, filosofia eta helburu argi bategaz: Ibarrangeluk “etxeko janaria” eskaintzen duen jatetxea edukitzea. Izan ere, Lavin haurdun zegoen martxan jarri zutenean, eta momentu horretatik gaur arte, tinko eutsi dio bere pentsamoldeari: “Nire seme-alabei emango ez niena, ez diot inori emango”. Geroztik, etxeko janaria eskaintzea da jatetxearen bereizgarri nagusienetakoa, eta bezeroek bisita errepikatzea eragiten duena.
Etxean eginiko janaria bakarrik ez, bertokoa eta sasoikoa da eskaintzen dutena. Kudeatzaileek ortu propioa dute, eta beraiek ekoizten ez dutena, inguruko ekoizleen bitartez lortzen dute. Herriko zein inguruko herrietako ekoizleekin duten harremana “oso ona” da: “Egun bakoitzean behar dudana beti prest izatea aurreikusten dut, baina nozbait zeozer falta baldin bada, telefonoa hartu, eta beti gaude ahal dugun horretan elkar laguntzeko; azken batean herri txiki bat gara”.
Km0 elikagaiak erabiltzeak bezeroak fidelizatzea dakarrela igarri dute jatetxean: “Etxeko janaria dela-eta, jendea pozik irteten da, eta errepikatu egiten du”. Poztasun hori Internet bidezko balorazioetan ere igartzen dute: 5 puntutik, 4,6ko balorazioa dute gaur egun: “Oso ondo dago”. Balorazio horiei esker, Ibarrangelura bakarrik jatetxera joateko asmoz hurbiltzen denik ere egon badago. Gainera, jatetxearen terraza zabalak ere jende asko erakartzen du.
Sasoian sakoikoa.
Ibarrangeluko Batzokia egunero dago zabalik, 09:00etatik aurrera. Bertaratzen diren herritar zein bisitariek pintxoak zein kartara jateko aukera dute; astean zehar eguneko platera ere eskaintzen dute: “Batez ere kartara funtzionatzen dugu, baina asteburuetan errazio eta pintxo asko ere saltzen dira”. Karta “sarri” aldatzen dute, ortuan dagoenaren edota sasoiko beste produktuen arabera, adibidez, hegaluzearen denboraldian. Hala, hasieratik finkatutako ideiari eutsiz, bertokoa eskainiz aurrera egiteko asmoa dute Ibarrangeluko Batzokian

Ibarrangeluko Batzokiaren eskaintza gastronomikoak bereizgarriren bat badu, bertoko eta sasoiko lehengaien erabilera da. Sarritan aldatzen duten kartan aurki daitekeen plateretako bat da ortuko txuleta edo zerban orri-mami betea, bederatzi osagaiz eta denbora gutxian prestatu daitekeena.
Osagaiak:
Zerbak
Urdaiazpiko iberikoa
Urdaiazpiko egosia
Gazta
Arrautzak
Irina
Oliba-olioa
Gatza
Pausoz pauso:
Zerbak garbitu eta hostoa eta orri-mamia bereiztea da lehenengo pausoa. Bitartean, kazola batean ura eta gatza bota, eta sutan jarri behar da. Irakiten dagoela, orri-mamiak gehituko dizkiogu; 5-7 minutuz egosten utzi behar dira. Behin bigun daudela, hoztea izango da hurrengo pausoa. Denboraz justu ibiliz gero, izotzetan jarri daitezkeela azaldu dute Ibarrangelu Batzokiko sukaldariek.
Hoztu bitartean, betegarria prestatuko da: gazta —norberaren gustukoa—, urdaiazpiko iberikoa eta urdaiazpiko egosia. Orri-mamien neurriko zatietan moztu behar dira. Orri-mamia hotz dagoela, betegarria gainean jarri, eta beste orri-mami batekin estali behar da.
Zartaginera oliba-olioa bota eta berotu bitartean, zerbaren orri-mamiak arrautza-irinetan pasatu behar dira, frijitu eta jateko prest egon daitezen.
Behin aterata, tomate, gazta edo onddo saltzagaz lagundu daitekeela azaldu dute sukaldariek