'Eta lorpen handiagoak etorriko dira'
Gernika-Lumoko Nazioen Ligak askotarako eman du, baina emaitzetatik haratago, bestelako eraginak eta emozioak transmititu ditu Euskal Selekzioaren lehen parte hartze ofizialak. Bertan, Busturialdeko herritarrak protagonista nagusi izan dira. HITZAk protagonisten ahotsa jaso du.

Historikoa. Ikusgarria. Ahaztezina. Zoragarria. Emozioz beterikoa. Lehendabizikoa. Asko izan dira joan den aste guztian zehar, baita aurretik eta ostean ere, Gernika-Lumoko Nazioen Ligari jarritako izenondoak. Euskal Selekzioak ofizialki jokatu duen lehenengo nazioarteko pilota txapelketa izan da. Kirol emaitza bikainez haratago, bizitakoari eman nahi dio garrantzia Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak. Bertan izan zelako, partida bat bera ere galdu barik, txapelketak iraun zuen sei egunetan. Gainera, eskualdeotako puntista eta arduradunek berebiziko garrantzia izan dute.
Izenondoak askotarikoak izan dira, baina nahi edo ez, Nazioen Liga txapelketa politikoa izan da baita ere. Nahi edo ez, politika egunerokotasuneko arrakala guztietatik sartzen delako, eta kiroletik eta beste hainbat arlotatik aldendu nahi badute ere, ezinezkoa da. Ia erabaki oro politikoa delako. Alde horretatik, eztabaida txapelketa bera hasi baino lehen hasi zen, puntista bakoitzak bere selekzioa hautatu zuenean.
Hortik aurrerakoak naturaltasunez eraman izan dira frontoian. Zarata “kanpotik” etorri dela nabarmendu dute denek ala denek. Ekainaren 4an, lehen aldiz, Euskal Selekzioak eta Espainiak elkarren aurka jokatu zutenean, inoiz baino kazetari eta kamera gehiago izan ziren frontoian. “Aspaldian ez ditut hainbeste ikusi frontoi baten”, zioen pilotalekuetan egon ohi den kazetarietako batek. Hain zuzen ere, normalean, pilota jarraitzen ez zuten hedabideak zeuden, asko eta asko Espainiako Estatukoak. Ez zekizkiten puntisten izenak, zenbat tantora jokatzen zen edota zesta-punta partida baten nondik norakoak. Beste zerbaiten bila zeuden, haien kasuan titularraren bila.
Ez zuten nahi zutena aurkitu, harmailetan gehiengoak errespetuz jardun zuelako eta normaltasuna izan zelako nagusi. Zelan ez, toki guztietan bezala, egon ziren arreta bereganatu nahi zutenak ere, baina gutxienekoak izan ziren. Eta kasualitatez, edo agian ez hainbeste, bi selekzioen arteko gizonezkoen partidan eman zen; emakumezkoetan ezer gutxi nabaritu zen. Euskal Selekzioaren aldeko oihuak nagusi baziren ere, txaloak lau protagonistentzat egon ziren. Horrez gain, bozgorailuetatik entzundakoek, batzuk lasaitu baino, motibatu egin zituen. Hala ere, horretarako denak ala denak “prest” zeudela zioten. Horrelakoetarako bat noizbait prest ote badago.
Giroa
Roberto Lekue Espainiako hautatzaile berriatuarrak partiden dinamikak “erabateko normaltasunez” eraman zituen. Selekzio guztiak hotel berean aritu ziren frontoitik kanpo, eta bertan ere “betiko laguntasuna” izan zela nabarmendu dute. Bide beretik jo dute Arai Lejardik eta Erika Mugartegik. Egungo munduko txapeldunek beste txapel bat gehitu ahal izan dute beraien palmares amaigabera. Gertukoen laguntasuna izan dute, batez ere finalean haien lagunak frontoian bertan izan zirelako, haien kamiseta eta guzti. Horregatik, «lasai» agertu ziren, egoera “erraza” izan ez arren.
“Talde moduan gure artean izandako erlazio bikainarekin geratzen naiz, baita harmailetan izan dugun indarrarekin ere“
Historia egitean, hainbat istorio sortzen dira. Elaia Gojenolak, adibidez, horrelako aste historiko bat bere bizitza markatu dezakeen beste aste oso garrantzitsu batekin uztartu behar izan du: unibertsitatera sartzeko selektibitateko azterketekin. Hau da, goizean azterketak egin zituen, ehunka ikaskiderekin batera. Arratsaldean, beste ehunka ikusleren aurrean, zesta-puntan jokatu zuen. Egoera “pentsa baino hobeto” eraman zuela aitortu badu ere, Euskal Selekzioaren elastikoa defendatzearen ohoreagaz geratu da. Hainbeste pertsonaren aurrean Gernika-Lumoko Jai Alain jokatzea azterketatik gertu dago, are gehiago horrelako testuinguruan.
Urrezko zaporedun zilarrezko domina lortu duela dio, baina batez ere, txapela talde moduan lortu duela azpimarratu du: “Talde moduan gure artean izandako erlazio bikainarekin geratzen naiz, baita harmailetan izan dugun hauspo eta indar guztiarekin ere. Hau ere haiena da”. Ander Bilbao hautatzaileak “artistei”, puntistei, eman nahi izan die arreta eta meritu guztia. Berriatuarrarentzat “ohorea” izan da lehen Euskal Selekzioko entrenatzailea izatea: “Batez ere, multzoan oinarritu nahi izan gara, eta uste dut lortu dugula, aurretik denak ala denak ezagutzen baziren ere, uste dut aste guztian batera egoteak guztien arteko harremanak sendotu dituela”. Kantxa barruan zein kanpoan nabaritzen zitzaien, une oro elkarrekin egon ziren; denek aipatu duten “giro bikaina” transmititu zuten.
Kanpotik
Eñaut Urreistik eta Unai Lekerikak ere haien istorioa dute. Ohituta ez dauden egoera bati aurre egin behar izan diote: aulkian egon dira itxaroten. Ameriketako Estatu Batuetako kinieletan ere jesarrita egoten badira ere, badakite lehenago edo beranduago haien unea helduko dela. Oraingoan, haien momentuaren zain egon baziren ere, Filipinakoen aurkako partida bakarrik jokatu zuten. Hain zuzen ere, hautatzaile bakoitzak partidan zehar pilotari aldaketa bat egiteko aukera badu ere, ez da ohikoena izaten, Jai Alain, adibidez, ez da inoiz eman. Bakarrik lesioren bat izatekotan egiten dute aldaketa. Mutrikuarra eta gernika-lumotarra ados daude behintzat: “Txarrago pasatu dugu kantxa kanpoan, barruan baino”. Bestelako paper bat izan arren, beraiena sentitzen dute txapelketa: “Talde bat gara”.
“Sufritu” zutela aitortu dute biek ala biek, batez ere, finaleko lehenengo setean, Euskal Selekzioa 8 eta 13 galtzen ikusi zutenean. Hortik aurrerako tanto guztiak oihuz ospatu zituzten. Hori bai, Urreistik argi dauka hurrengo txapelketetan aukerarik izanez gero, “bikote titularra izateko” borrokatuko duela.

Gizonezkoak ospatzen.Nazioen Liga
Esperientzia berria izan da denentzat, batez ere, aurrelari gaztearentzat, azken hilabeteetan onenen artean kokatu ostean, aukera eman diotelako. “Ilusio eta gogo askorekin bizi izan dugu aste guztia, bizikid
etza ere bikaina izan da. Aurretik ere oso ondo prestatu gara, eta horri esker lortu ditugu emaitza bikainak”, dio Urreistik.
Lopezi eta Erkiagari aholkuak ematea “zaila” dela aitortu dute; “azken batean, mota guztietako egoerak bizi izan dituzte, eta horrelakoei esker, esperientzia ikaragarria dute”. Biak ala biak kanpotik ikusten den “bestelako ikuspuntu bat” ematen saiatu ziren hutsarteak egon ziren bakoitzean.
Bestelako ikuspuntuak ere badaudelako, eta onartu behar direlako. Kirol arloan, Lekuek balorazio “oso positiboa” egin du. Espainiak emakumezkoetan urrezko domina lortu zuen, eta gizonezkoetan podiumean sartzerik ez bazuen ere, oso lehiakor agertu zen Ameriketako Estatu Batuak eta Euskal Selekzioaren moduko bikote indartsuen aurka.
Ikuspuntuak
Lekuek, adibidez, onartu du lantaldeak “presioa” nabaritu duela, eta berak “nahiko txarto” eraman duela: “Pilota munduko pertsonak gara, eta noski pozik gaudela Euskal Selekzioak jokatzeko aukera duelako orain, baina lanerako gaude, eta politika alde batera utzi behar da. Beste aukera bat da, eta horrela, bestelako puntistek ere haiena izan dezakete”.
“Jokatzeko aukera gehiago nituen, eta onenen kontra jokatu ahal dudala erakutsi diot nire buruari“
Gorka Mugartegi Atainek, adibidez, horregatik hartu zuen Espainiarekiko hautua; izan ere, euskal puntisten maila ikusita, bazekien Euskal Selekzioan jokatzeko aukerak apurrak zirela: “Jokatzeko aukera gehiago nituela uste nuen, eta kirol ikuspuntutik begiratuta, nire gaur egungo maila ikusi nahi nuen munduko onenen aurka”. Markina-xemeindarrak “maila oso altua” eman du. Atzelariak uste du izan zuen aukera “baliatu” duela: “Maila ona erakutsi dudala uste dut, Ameriketako Estatu Batuen kontra oso berdinduta joan zen partida guztia, eta xehetasun txikiengatik erabaki zen. Onenen kontra jokatu ahal dudala erakutsi diot nire buruari”. Horregatik, “esperantzaz” erreparatzen dio etorkizunari, “aukera berriak” agertzeko nahiarekin.
Pribilegiatuak
“Brutala”. Beste izenondo bat zerrendarako. Lekerikak ere errepikatu du, baina, kasu honetan, aste guztian zehar bizitakoa azaltzeko: “Inaugurazio ekitalditik hasita, adibidez, Euskal Selekzioko kide bezala aurkeztu gintuztenean, frontoi guztia aurrez aurre ikusi nuen, eta asko eta asko ziren kamiseta berdearekin zeudenak dagoeneko, eta beste horrenbeste ikurrinekin harmailak koloreztatu zituztenak. Horrez gain, gure kamisetarekin lehen partida ofiziala jokatzea ere oso berezia izan zen, baita podiumeko lehen postura igotzeko momentua ere”. Urreisti ere ados dago, “aurreikuspen guztiak gainditu” direla uste du: “Bagenekien gure zaleek erantzungo zutela, baina, txapelketa berri bat izatean, nik behintzat ez nuen pentsatzen hainbesterainokoa izango zenik”.
Gainera, gernikar batentzat ez dago gehiago eskatzerik. “10 urterekin hasi nintzen hemen, Jai Alain, zesta-puntara jokatzen, orain 20 urte pasatu dira, eta Euskal Selekzioarekin jokatu dut, beraz, ezin da gehiagorik eskatu”, nabarmendu du Lekerikak.
Erkiagak ere, bere esperientziatik, emaitzetatik harago begiratu du: “Euskal Selekzioak eragin duen guztiarekin, herritarren erantzuna, inguruan izan duen oihartzuna… horrekin guztiarekin geratzen naiz. Argazkia betirako geratuko da”. Nork esango zion ispastertarrari batetik Euskal Selekzioarekin jokatuko zuela, eta bestetik, txapel berri bat, jantziko zuela. Irabazteko gutxi batzuk geratuko zaizkio. “Berpizte” berri bat izan delakoan dago, ilusioa piztuko duena.
Helena Barrenetxea, Maialen Aldazabal, Elaia Gojenola, Maia Goikoetxea, Eñaut Urreisti, Unai Lekerika, Aritz Erkiaga eta Imanol Lopez Euskal Selekzioko lehen puntistak izan badira ere, ez dituzte ahaztu nahi izan une horretara heltzeko aurretik lan egin zuten pilotari, ordezkari eta zesta-punta munduarekin lotutako beste lagun guztiak. “Pribilegiatuak” izan direla nabarmentzen dute denek ala denek.
Joxe Mari Mitxelena Euskal Pilota Federazioko presidenteak argi utzi zuen intentzioa: Lorpen handi hau pasako baita gure historira, ta lorpen handiagoak etorriko dira.