Tradizioa eta berritasuna uztartuta dator Muxikeko Gazte Egune
Muxikako San Roman prest dago jai giroan murgiltzeko. Muxikako gazteek Gazte Egune antolatu dute hamalaugarrenez, eta herritarrei zein inguruko bizilagunei zapatuan bertaratzeko deia egin diete.
Badator hamalaugarren Muxikeko Gazte Egune. Herritarrek elkarlanean antolatutako egunak jai giroz beteko du, beste behin, San Roman. Herritarrak batzeko helburuz bultzatu zuten jai eguna orain dela hamarkada bat baino gehiago, eta, eskualdeko herritarren egutegietan gorriz markatutako jai egun horietako bat da egun. Ondorioz, zapatuan San Romanera bertaratzeko deia egin dute antolatzaileek, “ondo pasatzeko aukera ederra” dela esanda: “Giroa ederra izaten da, eta aurten ere gauza bera espero dugu. Ea eguraldiak laguntzen digun”.
Izan ere, adin guztietako jendearentzako jaia prestatu dute. Eta, prestaketa lanetan azken ukituak falta diren arren, egitarau oparoa aurkeztu dute, arratsaldeko egitarauan aldaketa batzuekin datorrena: aurten ez da olinpiadarik edo bertso saiorik egongo, baina horien ordez Mihiluze herrikoia eta umorezko bakarrizketak izango dituzte aukeran bertarazen direnek. “Urteroko egitaraua aldatzearren erabaki dugu Mihiluze antolatzea; gustatzen da eta praktikoa ere bada. Gainera, olinpiadetan nagusienek ez parte hartzea erabakitzen dutenez, baina Mihiluzen parte har dezaketenez, horrekin aurrera egitea pentsatu dugu”, onartu dute antolatzaileek. Bakarrizketei dagokienez, esan dute Asier Galarza bertaratuko dela, baina balitekeela besteren baten bakarrizketak ere entzutea. “Euskal Herriko bakarrizketa saio asko erdaldunak izan dira, eta euskaraz egiten duten horiei leku bat eskaintzeko asmoz erabaki dugu aukera hori egitea”, gehitu dute.
Hala ere, urteroko ekintzak ere egongo dira: hala, paella txapelketa egingo dute, Baso Txoritxu dantza taldekoek ikuskizuna eskainiko dute, eta gazta jaurtiketak ere bere lekua edukiko du zapatuan.
Aurten, gainera, Muxikako Marokoko bidaiariek botako dute txupina, eurek ere Gazte Egunaren bueltan urte luzez lan egin dutelako eta laguntzen jarraitzen dutelako.
Kontzertuei dagokienez ere, denetarik egongo da: Eiho, Sembrando Kaos, Oinutsik erromeria eta Gorriontxu eta Laztana. “Iaz, eguraldiak eraginda, kontzertuak bertan behera utzi behar izan genituen. Eta galerak izan genituen. Hala, horren arabera ere antolatu behar izan gara. Ondorioz, izena hartzen ari diren taldeak ekarri ditugu. Gainera, Gorriontxu eta Laztana ezagutzen ditugu, eta eurek beti daude prest Muxikan laguntzeko”.
Hori antolatuta, jende “asko” batzea espero dute arduradunek: “Urtero bertaratzen diren kuadrillez gain, beti berriren bat bertaratzea bilatzen dugu. Eta beti dago holako baten bat. Hori ederra da”.
Momentuz “urduri” baina “gogotsu” daude antolatzaileak, ze dena “ondo joatea” espero dute, egindako lanak erantzun ona izatea eta jendeak gozatzea: “Jendea zapore onagaz geratzea nahi dugu, datorren urtean bueltatzeko”.
EGITARAUA:
11:00. Txupina Marokoko bidaiarien eskutik.
11:15. Paella txapelketaren izena ematea.
12:00. Baso Txoritxu dantza taldea.
13:30. Trikipoteoa.
14:30. Paellen aurkezpena.
15:00. Bazkaria.
Ostean. Umorezko bakarrizketa.
Amaitzeko. Sari banaketa.
17:30. Kuadrilla arteko Mihiluze txapelketa.
19:30. Gazta jaurtiketa.
20:00. Happy hour.
21:00. Kontzertuak: Eiho, Sembrando Kaos, Oinutsik erromeria eta Dj Gorriontxu eta Laztana.