Musika taldeen "aniztasuna" islatzen duten kontzertuak
Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaietako kontzertuen kartela iragarri dute. "Denetariko musika" eta musika taldeen arteko "aniztasuna" bermatu gura izan dute.

Esperotakoa jakinarazi dute. Argitu dute zein musika talde ariko diren Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaietan. “Denetariko musika” eta musika taldeen arteko “aniztasuna” bermatu gura izan dituztela nabarmendu dute Jai Batzordeko Musika lantaldekoek.
Hala, Lurgorriko jaietatik Gernikakoetara arteko kartela iragarri dute: Süne, Potato, Leihotikan, Tanxugueriras, Viva Belgrado edo Merina Gris azpimarratu dituzte, baina gehiago dira bertaratuko diren musikari taldeak.
Lurgorrin, Potato, Süne eta Arkerbeltz igoko dira oholtzara, Dj Elepuntok jarriko duen musikagaz amaitzeko. Eta, abuztuaren 14tik 17ra bitartean, ohi legez, bi espazio banatu dituzte musika entzuteko: San Juan Ibarra eta Pasealekua.
Hain zuzen ere, azken gune hori izaten da jendetza biltzen duena, eta denetariko taldeak ariko dira. Hala, bezperada egunean Txoriburu, Leihotikan eta Zirkinik Bez arduratuko dira musika jartzeaz, eta Tanxungueirasek eta Fiakunek girotuko dute Andra Mari gaua. Rodeo eta Viva Belgrado igoko dira oholtzara San Roke egunez, eta mozorroen egunean, Ziraun, Merina Gris eta Altxa Porru erromeriakoek musikatuko dute jaien azken goizaldea.
San Juan Ibarran, berriz, Mariachi Imperial de Guanajuato, Kuttune eta Bibide ariko dira, abuztuaren 14an, 15ean eta 16an, hurrenez hurren.
Ondorioz, talde batzuk herrikoak eta beste batzuk kanpotik etorritakoak izango dira: “Galizia edo Andaluziatik etorriko dira, baina herriko jendeari ere lekua eskaintzea dugu helburu. Urtero egiten dugu apustu hori, eta urtero egoten dira udalerriko bizpahiru talde; aurten ere bai”.
Kontzertuak jendea elkartzeko puntu modura ulertzen dituzte, eta txosna batzordean dauden eragile eta talde guztiei zuzenean eragiten diete: “Guretzako garranzitsua da jendea txosnetara bertaratzea, elkarte asko gaudelako hor lanean eta herriko talde eta eragile askok urte guztirako diru parte ederra lortzen dutelako bertatik. Musika taldean lan asko egiten dugu eta ahalegintzen gara ahal dugun talderik onenak ekartzen”.