Martxan dago Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragartzeko kartel lehiaketa
Interesa dutenek uztailaren 18ra arte [barikua] dute proposamenak aurkezteko aukera. Epaimahaiak finalistak izendatuko ditu eta kartel irabazlea aukeratzea herritarren esku geratuko da.
Beste urtez, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du Bermeon, eta interesa duenak uztailaren 18ko 14:00ak arte [barikua] izango proposamenak aurkezteko aukera.
Ohi legez, aurkeztutako kartelak “Bermeoko jaietako adierazle” izan beharko dute, hurrengo ezaugarriak kontutan hartuta: jai herrikoiak eta herritarrentzat izatea, parte hartzaile eta sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak eta ekologistak izatea. Gainera, kartelek ‘Bermeoko jaiak 2025 irailaren 7tik 1ra’ testua izan beharko dute, derrigorrez.
Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, kartel proposamenak 50×70 cm-koak —formatu bertikalean— izan beharko dira, “derrigorrez”, eta gileek gura beste kolore eta teknika erabili ahal izango dituzte. Hala ere, aurten “puntu berri bat” txertatu dute lehiaketaren oinarrietan: “Egileak kartelaren sorkuntzan adimen artifizialeko sistemaren bat erabiliko balu, kartela aurkezterakoan horren berri eman beharko luke sarrera erregistroan”. Azaldu dutenez, neurri horregaz sormen prozesuaren “gardentasuna bermatu” nahi dute, lehiaketa “testuinguru tekbologiko berrietara” egokitzeagaz batera.
Egileek lanak aurkezteko bi modu izango dituzte aukeran: bereizmen handiko PDF formatua edo euskarri gogorra. Proposamenak Berhaz bulegoan —astelehenetik barikura, 08:00etatik 14:30era bitartean— edo Bermeoko Udaleko egoitza elektronikoan aurkeztu daitezke, uztailaren 18a aurretik.
Azken erabakia, herritarren esku.
Kartel finalistak aukeratuko duen epaimahaia bederatzi kidek osatuko dute, eta emakume eta gizonen ordezkaritza “orekatua” izango dela iragarri dute. Udalean dauden bi alderdietako kide banak, artearen edota diseinu grafikoaren alor inguruko 2 pertsonak, jai batzordeko bi ordezkarik, mugimendu feministako ordezkari batek eta gazte batek osatuko dute epaimahaia.
Epaimahaikideek lau guztiak ikusi eta finalistak aukeratu beharko dituzte. Aukeraketa prozesu horretan hainbat baldintza hartu beharko dituzte kontuan, hala nola, proposamenaren estetika, lanak Bermeoren izaera islatzea, baloreak kontutan hartzea eta kartelaren originaltasuna.
Finalistak aukeratuta, herritarren esku geratuko da Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko ardura. Horretarako, uztailaren 28tik [astelehena] 30era [eguaztena] kartel finalistak ikusgai jarriko dituzte udalaren webgunean, sare sozialetan eta Gizarte eta Kultura Etxean.
Ondoren, irabazlea aukeratzeko prozesua zabalduko dute, herritarrek bozka eman dezaten: Gizarte eta Kultura Etxean jarriko duten kutxan zein internetik bidez izango dute horretarako aukera. Pertsona bakoitzak “boto bakarra” eman ahalko du; kutxan jasotako botoek %70eko balioa izango dute eta internet bidez jasotakoak, berriz, %30ekoa.
Lan irabazlea abuztuaren 1ean [martitzena] jakinaraziko dute, eta horren egileak jasoko du lehiaketako sari bakarra: 600 euro. Udaletik jakinarazi dutenez, sarituak izan ez diren lanak abuztuan eta irailean batu ahalko dira.
Udaleletik lehiaketan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, eta argibide gehiago gura izanez gero Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxera jo daitekela argitu dute. Horrez gain, oinarriak ere udalaren webgunean kontsultatu daitezkela jakinarazi dute.