Ikasturtea agurtzeko bazkarian bildu dira berbalagunak

Bermeoko Berbalagunak uda aurreko topaketan elkartu ziren domekan [ekainak 6], Lameran. Ohi legez, elkarrekin bazkaltzeko eta oporrak aurretik “lagun artean eta euskaraz” batak bestea agurtzeko aprobetxatu zuten: “Aste gutxi falta dira urte osoan zehar elkartu direnak oporretara joateko, eta udan berbalagun talde bat sortuko den arren, ostiralean izan zen agurtzeko data”, azaldu dute antolatzaileek.
Berbalagun batzuk goizetik elkartu ziren; beste batzuk, berriz, arratsaldean batu ziren, tertulian kafetxoa hartzeko. Denak “oso gustura” ibili ziren, izan ere, astero biltzen diren taldeetako kideak, dantza taldeetakoak eta Bermeo inguruetatik oinez ibiltzen direnak elkartu ziren.

Argazkia: Bermeoko Berbalagun
Ikasturtea bukatutzat eman arren, uztailean eta abuztuan ere astean behin batuko dira berbalagunak; lehenengo hitzordua uztailaren 2an [eguaztena] jarri dute, 18:30ean, Lameran.
Halaber, Bermeoko Berbalagunetik udaberriko lehiaketan parte hartzeko azken astea dela gogoratu dute: barikura arte [ekainak 13] parte hartu daiteke, “lau galdera erraz” erantzunez. Jasotako erantzun guztien artean Bermeoko produktuekin osatutako otzara zozkatuko dute, eta irabazlea datorren astean jakinaraziko dute.