"Egitura aldaketarekin" dator Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irailaren 28tik abenduaren 20ra bitartean egingo dute. Finalaurrekoak bi bueltara jokatuko dituzte, eta geralekuetako bat Bermeo izango da.

Udaberria Bertsotan sailkapen fasea amaituta, osatuta dago Bizkaiko Bertsolari Txapelketara sailkatutakoen zerrenda. Txapelketaren data eta nondik norakoak ezagutzea baino ez zen falta, eta gaur goizean [ekainak 10] eman dute horien berri Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak, Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak eta Leixuri Arrazabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Bilboko Foru Liburutegian egindako aurkezpenean. Hala, bertsoa Bizkaian zehar zabalduko duen txapelketa irailaren 28an [domeka] hasi eta ekainaren 20an [zapatua] amaituko dela iragarri dute.
Aurtengoa “egitura aldaketarekin” datorren txapelketa izango dela iragarri dute. Ohi legez, abenduaren 20ko final handia iritsi bitartean hainbat fase igaro beharko dituzte bertsolariek baina aurten, lehenengo fasean bost kanporaketa saio jokatuko dituzte —2023an sei izan ziren—. Horrez gain, finalaurrekoak buelta bitara jokatuko dituzte. Narbaizak azaldu duenez, txapelketa bat amaitu eta segidan hasten dira hurrengoa antolatzeko bilerekin, eta batzar horietatik eratorritako erabakia da egitura aldaketa. Aldaketarako arrazoi nagusia finalaurrekoek ondo funtzionatzen dutela dela adierazi du, horietan “jende asko” batzen dela eta sortzen den “giro oso polita” nabarmentzeagaz batera. “Bertsolari horiei saio gehiago ematea eta maila horretako saioak Bizkaiko herri gehiagotara heltzeko aukera polita da”, gehitu du.
Egitura berrian, 30 bertsolari izango dira lehen fasean kantatuko dutenak: 21 Udabarria Bertsotanetik sailkatutakoak, eta bederatzi, 2023an finalaurrekoetan kantatu zutenak. Busturialdeak ordezkaritza zabala izango dute fase horretan, Asier Galarza, Beñat Bilbao, Enare Muniategi, Janire Arrizabalaga, Koldo Muñiz, Mikel Retolaza, Iker Uriarte eta Koldo Gezuraga igoko baitira oholtzara.
Fase horretatik 11 bertsolari igaroko dira finalaurrekoetako lehen bueltara eta bertan izango dituzte zain 2023ko txapelketako zazpi finalistak, tartean, Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarra eta Onintza Enbeita muxikarra. Etxebarriazarragak Abadiñon egingo du debuta; Enbeita,berriz, Barakaldon estreinatuko da. Bestalde, azken bi txapelketetako irabazlea den Nerea Ibarzabal bertsolari markina-xemeindarrak ez du txapelketan parte hartuko, berak hala erabakita.
Lehen itzuliko 18 bertsolarietatik 12 sailkatuko dira azaroaren 15ean Bermeon eta azaroaren 22an Markina-Xemeinen egingo diren bigarren bueltako saioetara. Bi bueltetako puntuazioak batuta erabakiko da nortzuk izango diren final handian izango diren zortzi bertsolariak.
Gaurko agerraldian jakinarazi dute ere, final handia azken txapelketak hartu dituen Bilbao Arenan egin beharrean, Casillan egingo dutela: “Aldaketa koiunturala izan da, Talde Antolatzaileak egokiago ikusi du aurten finala hor egitea”, adierazi du Narbaizak. Bestalde, aurtengoa Bertsolari Txapelketa Nagusirako puntuagarria izango den txapelketa izango dela azaldu dute. Bizkaitik 10 bertsolari sailkatuko dira txapelketa nagusira.
Sarrerak, salgai.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako saioetarako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, saioaren egunean sarrerarik geratzen bada, txarteldegia zabalduko dute: lehenengo fasean 16:30etik aurrera, finalaurrekoetan 16:00etatik aurrera eta finalean, berriz, 15:30etik aurrera.
Goizeko agerraldian txapelketa “egunean egunean egiten den lanaren fruitua eta eskaparatea” dela azpimarratu du Olabarriak: “Eskoletatik hasi, bat-bateko taldeetan segi, eta bertso eskoletaraino”. Era berean, talde antolatzaile, gai-jartzaile, epaile eta boluntario lanetan aritzen diren taldeen beharra nabarmendu du, babesleen ekarpena eskertzeagaz batera.
LEHEN FASEKO SAIOAK:
- Irailak 28, Urdulizko Kultur Etxean:
– Aitor Bizkarra Ruiz, Garazi Navarro Ugarteburu, Garikoitz Sarriugarte Onaindia, Izaro Bilbao Arostegi, Koldo Gezuraga Seijido eta Mikel Retolaza Etxebarria. - Urriak 4, Lekeitioko Ikusgarri zineman.
– Beñat Bilbao Landa, Iker Uriarte Urrutia, Iruri Altzerreka Martinez, Jone Larrinaga Dañobeitia, Lurdes Ondaro Mallea eta Txaber Altube Sarrionandia. - Urriak 5, Mungiko Olalde aretoan.
– Ander Ucelay, Imanol Uria Albizuri, Josune Aramendi Perez, Maite Sarasola Isazelaia, Peru Vidal Gurrutxaga eta Unai Mendiburu Valor. - Urriak 11, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean.
– Araitz Katarain Mugarza, Asiera Galarza Garai, Bittor Altube Sarrionandia, Enare Muniategi Etxebe, Irune Basagoiti Agirre eta Paule Ixiar Loizaga Legarra. - Urriak 12, Getxoko Muxikebarri Arrigunaga aretoa.
– Aitor Esteban Etxebarria, Ibai Amillategi Omaetxebarria, Janire Arrizabalaga Munduate, Koldo Muñiz Aldamiz-Etxebarria, Mikel Goiriena Larrazabal eta Peio Molinuevo Martin.