"Gizonen itzalpean egon arren, etorkizuna du emakumezkoen arraunak"
Olatuz olatu. Horrela bizi du bizitza Matxalen Olarte Gervasio bermeotarrak. Herriko uretan estreinatu, Plentziako badian hezi, eta Nerbioi ibaian nagusitu da arraunlaria. Domekan etxera bueltatuko da, Euskadiko Traineru Txapelketa "ilusio handiz" lehiatzeko.

Txikitatik, arrauna lehen lerroan bizi izan du Matxalen Olarte Gervasiok (Bermeo, 2001). Bere aitak lotura estua izan du arraun munduarekin, baina bera ere ez da atzean gelditu. Etxean arrauna hizpide izanik, klub desberdinetan ikasi, hobetu baina batez ere, hezi eta hazi da bermeotarra. Gaur egun, Deustu Arraun Taldeko traineruetako eskifaiaren parte da, eta domekan Euskadiko Txapelketa lehiatzeko asmoz bueltatuko da Bermeora, beretzat “berezia” izango den estropadan. Diziplina ezinbestekotzat du arrauna, baina are ezinbestekoagotzat du taldearen eta entrenatzailearen arteko giro ona eta konfiantza.
Etxean beti izan duzu arraunarekiko lotura. Hori al da gaur egun arraunlaria izatearen arrazoia?
Bai. Nire aitak lotura estua izan du beti arraunarekin. Gaztetan hasi zen horretan. Egia da bere bizitzako urte batzuetan arrauna alde batera gelditu zela; hala ere, etxean beti jarraitu izan dugu arrauna lehenengo lerrotik. Barru-barrutik. Entrenatzaile moduan ere urte asko daramatza, eta beraz, niri zuzenean heldu zitzaidan arrauna. Gainera, nik ere interesa izan dut arraun munduarekiko beti, beraz, naturala izan da.
Bermeon hasi zinen. Nolako garrantzia du arraunak herrian?
Kostaldeko herri bat izanik, garrantzia berezia du. Argi dago Deustun edo Bermeon arraunaren kontzeptua ez dela berbera, batez ere ikusleentzat. Baina, uste dut Bermeon interesa jarraitzaile edo herritarren aldetik dela gehiago. Bermeotarrek Urdaibai asko sentitzen dute, eta oso jarraitzaileak dira. Ordea, geroz eta haur eta gazte gutxiago sartzen dira arrauna probatzera herrian, eta egiten dira hori sustatzeko ekintza dezente.
Diziplina asko eskatzen duen kirola da, bai fisikoki, bai psikologikoki.
Horrela da. Eta ez da batere erraza hori kudeatzen jakitea. Asko entzuten da arrauna kirol gogorrenetarikoa dela, eta ni, pertsonalki, ados nago. Baina diziplina beharrezkoa dela ere uste dut. Astean sei egun entrenatzen dira orokorrean, eta diziplina maila horretatik erortzea erraza izaten da sarri. Ordu asko dira, eta gainera, ingurukoak udaraz gozatzen dabiltzan bitartean, gu lehiatzen gabiltza. Horretara ohitzea ez da erraza, eta horrekin jarraitu nahi izatea, gutxiago. Beraz, diziplina hori izatea ezinbestekoa da arraunlari ororentzat. Taldearekin eta entrenatzailearekin giro ona izatea da gakoa hor, nire ustez. Euren konfiantza izanik, diziplina hori eramangarriagoa da, kudeatzen jakiteko errazagoa. Nahiz eta oso gogorra den, ez dakit zer duen arraunak, baina horretan hanka sartuz gero, eta apur bat gustatuz gero, oso zaila da horretatik irtetea.
“Lehen hobbiea zena, gaur egun hori baino gehiago da. Lehen aipatutako diziplina hori eman dit Deustuk”.
Bermeotik Plentzira joan zinen, eta handik Deustura. Desberdintasuna nabari al da kluben artean?
Desberdintasuna nabaria izan da, bai, baina batez ere, ni neu ere aldatu eta hazi naizelako. Bermeon arrauneko lehen pausoak ematen hasi nintzenean, haur bat nintzen oraindik, eta arratsaldeak pasatzeko hobbietzat nuen arrauna. Plentzian, nerabezaroa igaro nuen, horrek suposatzen duen guztiarekin. Orain, ordea, Deustun gauzak argiago ditut. Nagusiagoa naiz, eta arrauna ere beste modu batera hartzen dut. Lehen hobbiea zena, gaur egun hori baino gehiago da. Lehen aipatutako diziplina hori eman dit, adibidez, Deustuk. Entrenatzearen beharrizanaz konturatu naiz, lan eginda gauzak lortu daitezkeenaz. Psikologikoki salto nabaria izan dut nire baitan. Klub desberdinetako funtzionamenduak inoiz ez dira berdinak izaten, baina, orokorrean, oso gustura sentitu izan naiz egondakoetan. Talde bezala ere, beti izan ditut talde oso onak, bai Bermeon, bai Plentzian, eta nola ez, orain. Zortea izan dut.
Esango zenuke maskulinizatuta dagoen kirola dela arrauna?
Denok dakigu arrauna nondik datorren. Itsasontzietako patroiak ziren marinelak arraunean gidatzen zituztenak, eta guztiak gizonak ziren. Gaur eguneko arraunaren jatorria hori da. Gizonen lanetik dator, beste hainbat kirol bezala. Maskulinizatuta dagoen? Ez dakit. Gaur egun, jende askori arraunaz hitz egin, eta gizonak datozkio burura, bai. Gizartearen eredu da hori. Baina, azken urteotan, batez ere aurten, emakumezkoen traineruak indartsu datoz. Oso indartsu. Gero eta gehiago dira, gainera, traineruetan lehiatzera heltzen diren emakumeak. Bide polita egiten gabiltza, eta jarraitzeko asmoa dugu. Gizonen itzalpean egon arren, etorkizuna du emakumezkoen arraunak, nire ustez. Klubek ere, geroz eta saiakera gehiago egiten dituzte emakumeok zaintzeko; lehenago, aldiz, ez zen horrela, tamalez. Hor argi ikusten da ikuspegi aldaketa bat egon dela, nahiz eta ikuspegi hori oraindik gehiago aldatu beharra dagoen.
Eta, emakume arraunlariok horretaz bizitzea posible duzue?
Ezta pentsatu ere. Baina gizonezko batzuek ere ez. Kasuak eta kasuak daude, noski. Arrauna afizioz egiteko kirol bat da, ofizioz egitekoa baino.
“Herriko jendeak ere ikus dezala herriko emakumeek ere arraun egiten dutela, etxean, zein etxetik kanpo”
Domeka honetan etxera itzuliko zara, Euskadiko Traineru Txapelketa Bermeon lehiatuko baituzue. Estropada berezia da zuretzat?
Bai, oso berezia. Oso gaztea nintzela hasi nintzen Bermeon, eta orain, urte asko pasatuta, lehiatzeko arrazoiz Bermeora itzultzea berezia da niretzat. Estropada batean etxekoak, lagunak eta abar ere hurbil izatea desberdina da. Ilusioa da hitza, agian. Herriko jendeak ere ikus dezala herriko emakumeek ere arraun egiten dutela, etxean, zein etxetik kanpo.
Ze aurreikuspen duzue?
Talde berria gara, etorkizunera begirako proiektu baten hasierako taldea. Beraz, aurreikuspen handirik barik gaude oraingoz. Ilusio askorekin, hori bai. Eta gogotsu. Baina ez dugu ezer finkatu nahi.
ETE Liga ere ate joka duzue. Horretarako helbururen bat finkatuta al daukazue? Edo domeka honetako planteamendua jarraituko al duzue?
Ekainaren 21ean hasiko dugu ETE Liga, Astilleron. Ez dugu helburu zehatzik finkatu, ez. Asteburu honetan bezala, gure hoberena eman, ikasi, hobetu, gozatu, lan egin, eta gutxi-gutxika aurrerapausoak eman nahi ditugu. Eta hori oso argi dugu denok.