Bidebusak doako garraio zerbitzua izaten jarraituko du
Bidebusa bi urtez doako garraio zerbitzua izaten jarraitzea onartu du Gernika-Lumoko Udalak, duela hamabost urtetik udalerriko hiri bizitza artikulatzen duen autobus zerbitzua dela kontuan izanik.

Gernika-Lumoko Udalak azken hamabost urteetan herriko auzoak batu dituen ibilbidea bizirik mantentzea erabaki du. Horrela, Bidebusa bi urtez doako garraio zerbitzua izaten jarraitzea onartu du, 2010az geroztik udalerriko hiri bizitza artikulatzen duen autobus zerbitzua dela kontuan izanik. Udal gobernuak jakinarazi duenez, Vectalia Toursek jarraituko du horren kudeaketagaz, 120.980 euroko aurrekontuarekin.
Kontratu administratibo hutsa izatetik urrun, Bidebusaren berritzeak milioi bat erabiltzaileren muga gainditu duen garraio eredu baten jarraipena adierazten du, beregain. Izan ere, datuen arabera 1.097.069 bidaiari izan ditu zerbitzua martxan jarri zenetik. Hori sendotzeak, Jose Mari Gorroño alkatearen esanetan, “azpiegitura txikiek ere eguneroko bizitza eraldatzen dutela” erakusten du. “Bidebusa mugikortasuna da, baina baita kohesio soziala ere”, gaineratu du.
Zallo, Arane edo Lumo bezalako auzoen eta zerbitzu guneen arteko distantziak markatzen dituen udalerri batean, Bidebusak “zubi isil baten moduan” funtzionatu duela ere azaldu du alkateak. Mikrobusa astelehenetik larunbatera ibiltzen da goizez (08:10etik 13:30era) eta arratsaldez (16:45etik 19:30era). Ibilbide zirkularrak ditu, eta osasun-zentroekin, ikastetxeekin, merkatuarekin edo merkataritza-gune nagusiekin konektatzea bermatzen du. Gainera, Bidebusa “eskaeraren araberako modalitatea” da, eta urrunago bizi direnei zerbitzua aurretiaz eskatzeko aukera ematen die: “Irtenbide malgu bat, bereziki adineko pertsonentzat edo mugikortasun murriztua dutenentzat pentsatua”.
Datuak.
Erabilera-datuek proposamenaren balioa indartzen dutela nabarmendu du udalak, bide batez. 2023an, Bidebusak 82.823 bidaiari garraiatu zituen, eta maiatzean (8.633) eta ekainean (8.612) gailur nabarmenak izan zituen. 2024an, goranzko joera mantendu egin zen, 83.670 erabiltzaile erregistratu baitziren. 2025etik maiatzera arte, 38.967 pertsonak erabili dute zerbitzua. Zifra historikorik onenak 2012an (84.553), 2019an (84.043) eta 2018an (83.019) lortu ziren, eta horrek erakusten du zerbitzuaren onarpenean konstantzia dagoela. “Mugikortasun tresna erosoa, eskuragarria eta funtsezkoa da pertsona askorentzat, bereziki adinekoentzat eta ikasleentzat”, berretsi du Gorroñok.