‘Azken zoramena’, herria azken aldiz zoratzeko
25 urteko ibilbide oparoaren ostean, agur esango du Gatibuk, eta Gernikan bihar eskainiko du azken kontzertua. Herritarrak gonbidatu dituzte bertaratzera.

Euskal Herriko txoko txiki bat da Gernika, eta bertan entzun ziren Gatibu taldearen lehen doinuak duela 25 urte. Ordutik, Euritan dantzan jarri ditu hainbat herritar Gatibuk. Asko izan dira gabak zerueri begire igaro dituzten jarraitzaileak. Baita aske bizitzea erabaki dutenak ere. Beldurrak galdu eta salto egiteko deia egin zuen taldeak 2018an, eta, Musikak salbatuko gaitu lanean 20 urteko errepasoa egin zuten: ‘Bizitza kotxeko ispilutik ikusten, 20 urte joan dire 20 asteburuten: kantuek ein ala, bizixe albotik doa’. Mila gaba eta mila lagun igaro dituzte musikak inguratuta. Olatu gainean ibili dira batzuetan, eta tatarrez beste batzuetan, baina elkar ikustean, “irrifar bat ez dela faltako” sinetsita, San Kristobal aparkalekuan bihar eskainiko duten kontzertura bertaratzeko gonbidapena egin dute.
25 urteko ibilbide oparoaren ostean, agur esango du Gatibuk aurten, eta euren herrian eskainiko duten azkenengo kontzertua izango da biharkoa, Azken zoramena lelotzat duena eta taldekideen asmoa iragartzen duena; alegia, herria azken aldiz zoratzea. Hala, azken kontzertuak “dimentsio berezia” hartuko du, eta taldearen sustraiei zein hasierei keinu egingo dien errepertorio berezia prestatu dute. Iragarri dute hasiera “oso rockeroa” izango dela, eta kontzertuak aurrera egin ahala “aspaldi” jotzen ez zituzten abestiak eskainiko dituztela.
Kontzertua berotzeko, SOMEkoek Gatibufonia kontzertuagaz girotuko dute San Kristobal plaza 17:30ean. Eta, ostean, Altxa Porru eta The Uski’s taldeak igoko dira aparkalekuko oholtzara, 18:30etik aurrera. Gatiburen ostean, aldiz, Dj Pary&Tizak musikatuko du gunea, 02:00ak arte.
Denbora tarte horretan tripak bete nahi izanez gero, Baserrimex burritoak egongo dira kontzertugunean, baita beganoak eta glutenik barikoak ere.
Gernika-Lumora bertaratzeko, “autobus zerbitzu bereziak” ibiliko dira Bermeo eta Matiko noranzkoetan. Baina, horrez gain, Euskotrenek Bilbo-Bermeo linearen ohiko zerbitzua “indartuko” du, Zornotza-Gernika-Bermeo tartean, arratsalde-gau partean. Baina, gogoratu dute biharko 23:47tik etziko 03:39ra bitartean trena ez dela Lurgorriko geralekuan geldituko.
Jai giroa izango da nagusi, beraz, ze, umorea bidelagun izanda egin du bidaia Gatibuk. Ahotsak urratute, atzamarrak bixortute amaitzeko asmoa dute, baita bihotza bizi-bizirik beteta ere.