Giza katea, kaleak aktibatzen jarraitzeko
Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak giza katea deitu du bihar [ekainak 6], 19:30etan, Merkurion, Gazako egoera ikusarazi eta palestinar herriari elkartasuna adierazteko.
Palestinar herria pairatzen ari den egoera bistaratzeko asmoz, Rouhaifa Kassem artista palestinarren erakusketa hartu du Astrak azken astean. Orain, ekimen horri jarraipena emateko asmoz, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak giza katea deitu du bihar [ekainak 6], 19:30ean, Merkurion.
Deialdiak izateko bigarren arrazoi bat ere baduela nabarmendu dute Gernika-Palestinatik: «Testuinguru orokorra ikusita, Gernika-Palestina azken asteetan kezka areagotzen eta sakontzen, eta Palestinan eta bereziki Gazan ematen ari den egoera ikusarazten saiatu da».
Palestinari elkartasuna helarazten jarraitu eta egoera salatzeko «mobilizazioen beharrean sakondu beharra» dagoela ondorioztatu dute antolatzaileek, giza kateak beharrizan horri erantzuten diola zehaztuta: «Palestinaren ondoan egoteari erantzuten dio, genozidioari amaiera ematea aldarrikatzeko». Izan ere, Euskal Herriak azken 20 hilabeteetan «modu batean edo bestean egoeraren lanketa» egin duela nabarmendu badute ere, «orain inoiz baino gehiago» kalean egotearen beharra dagoela aldarrikatu dute.
Ekimen nazionala.
Gernika-Palestinak «palestinarrek bizi duten infernuarekin bukatzeko neurri zehatzak eta eraginkorrak» eskatzeko ekimen nazionala gauzatu zuen iragan domekan, Donostian: «Egitasmoa mobilizazioekin jarraitzeko mugarri bihurtu nahi izan genuen». Jarraipena Gernika-Lumon ematea, baina, ez da ausazko erabakia: «Gernikako herrian, bere sinbolismoagatik, mobilizazioetan sakontzeko beharra igarri behar da; ardura horretatik ahotsa altzatzeak bere garrantzia du».
Biharkoa da, printzipioz, aurreikusita duten azken ekimena, baina egoerak gehiago egitera eramango dituela uste dute: «Modu batean edo bestean, aurrera jarraitzeko asmoa dugu, kalea aktibazioagaz, salaketekin… Uste dugu une honetan munduak hori eskatzen duela, genozidioa ikusten ari garelako». Gernika-Lumoko zein inguruko herritarrei bertaratzeko deia egin diete, giza katea «ahalik eta masiboena» izan dadin.