Jai-libururako idazkiak aurkezteko epea, zabalik
Herriko sortzaileei beraien lanak plazaratzeko asmoz, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako liburuan argitaratzeko deialdia zabaldu du Bermeoko Udalak. Lanak uztailaren 1a [martitzena] bitartean aurkeztu ahal izango dira.

Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako jai-liburuan argitaratuko diren artikuluak aurkezteko deialdi publikoa zabaldu du Bermeoko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak. Ekimenaren helburua herriko sortzaileei beraien lanak argitaratzeko aukera ematea eta “sorkuntza, tradizioa eta kultura indartu eta zabaltzea” dela nabarmendu dute udaletik. Lanok uztailaren 1a [martitzena] bitartean aurkeztu ahal izango direla iragarri dute.
Parte hartzeko gonbidapena “irekia” dela zehaztu dute, hau da, 15 urtetik gorako edonork du bere idazlanak aurkezteko aukera. Idazkien gaiak denetarikoak izan daitezkela gehitu dute, “betiere, Bermeorekin edo bermeotarrekin lotura badute”: kondairak, istorioak, ipuinak, historia, artea, musika… Halere, iritzi artikuluak onartuko ez dimatertuztela azpimarratu dute.
Bete beharreko baldintzak. Plazaratzen diren testuek 9.000 karaktere izan ahalko dituzte, gehienez (lau orrialde inguru), eta paperean eta euskarri informatikoan (Word formatuan) aurkeztu beharko dira. Bestalde, ilustrazioak edo argazkiak gehitu nahi dituenak jpg formatuak helarazi beharko ditu.
Idazkiak aurkezteko bi bide zabaldu dituzte, eta uztailaren 1eko 14:00ak arte egongo dira zabalik: batetik, Berhaz bulegoan —Ertzilla Kalea, 6-8— entregatzeko aukera egongo da, eta, bestetik, udalaren egoitza elektronikoaren bitartez.
Jaietako liburuan 44 orrialde gorde dituzte herritarren artikuluak argitaratzeko eta pertsonako bi lan aurkeztu ahal izango dira, gehienez. Kopuru hori gainditzen bada, ordea, “bi testu aurkeztu dituzten egileen lan bakarra argitaratuko litzateke”. Gainera, liburutik kanpo, argitaratu gabe geratzen diren lanek lehentasuna izango dute datorren urteko jai-liburuan. Era berean, argitaratuko diren artikulu gehienak euskarazkoak izango direla iragarri dute, gaztelaniazkoek gehienez %20 hartuko dutela ziurtatuta: “Euskaraz idatzitakoak lehenetsiko dira, eta beste hizkuntzetako testuak egilearen baimenarekin itzul daitezke”.
Horrez gain, eduki bortitzik, diskriminaziorik edo genero-estereotipoak indartzen dituzten lanak onartu ez dituztela nabarmendu dute: “Ikuspegi inklusiboa izan beharko dute, eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren alde egingo da”. Deialdiaren oinarriak kontsultatu gura dituenak udalaren webgunean du horretarako aukera.