Eguraldi txarrari, kirola eta elkartasuna
Bizi Festaren III. ekitaldia hartu du Bermeok asteburuan eta eguraldi txarrari aurpegi ona jarriz, "100 lagun inguruk" egin dute bat txirrindularitza eta elkartasuna uztartzen dituen jaiagaz.

Matxitxako T.K.T., Orkatzeta Enduro Team eta Bermeoko Txirrindularitza Elkarteak antolatuta, Bermeoko kaleek Bizi Festaren hirugarren aldia hartu zuten herenegun [ekainak 1]. Ekimenak inork nahi ez zuen protagonista bat izan zuen: euria. Izan ere, eguraldiak “parte hartzean eragin negatiboa” izan du zehaztu dute antolatzaileek: “Hasi baino ordu erdi lehenago hasi zen euria, eta jendeari kalera irteteko nagikeria sartu zitzaion”. Hala ere, Bermeoko kaleetan “ehun lagun inguru” elkartu ziren bederatzi kilometro inguruko bizikleta ibilbide herrikoia egiteko ilusioz.
Txirrindularitzaren zaletasuna bultzatu eta bizikletaren erabilera jasangarria sustatzeko jaiak, ohi legez, izaera solidarioa eduki du: parte hartzaileek izena ematerakoan Bizkaiko Elikagai Bankuari elikagai ez galkorren dohaintza egin behar izan zuten. Oraindik jasotako elikagai kopurua zenbatzeke badute ere, “eskertuta” agertu dira herritarren erantzunagaz.

Argazkia: Matxitxako T.K.T.
Bizi Festagaz bat egin zuten herritarrak ere “pozik” geratu zirela nabarmendu dute, jaialdiaren bukaeraratz euria gelditu eta ekimenagaz gozatu ahal izan zutelako: “Helmugaratu ostean jolas puzgarriak genituen programatuta Lameran, eta frontoira lekualdatu genituen, bustita ezin zirelako erabili. Jaia biribiltzeko ginkana eta disko-festa normaltasunez egin ahal izan genituen”.
Errepikatzeko prest. Aurtengoa igarota, datorren urteko Bizi Festaren laugarren aldiaren inguruan hausnartzen daude antolatzaileak; “Bizikletan aritzen gara, kanpoko kirola da eta badakigu ze baldintza edo arriskurekin jokatzen dugun. Hurrengo urteetara begira B plan bat aurreikusita izatea pentsatzen ari gara, gune jakin batean hasi eta eskola publikoetan ditugun arkupe modukoak aprobatxatu euriak jaia zikindu ez dezan… Aztertzen ari ara”.

Argazkia: Matxitxako T.K.T.