150 kilo hondakin gutxiago, garbiketa kolektiboari esker
Bermeoko 12 boluntariok egin dute bat Let´s Clean Up Euskadi ekimenagaz, eta herriko lau gune garbitu dituzte, 150 kilo hondakin batuz.

Bermeoko Udalak eta Ura Gara talde ekologistak Europa mailako Let´s Clean Europe! dinamikaren barruan kokatzen den Let´s Clean Up Euskadi ingurumen-garbiketa kanpainagaz bat egin eta hondakinen garbiketa kolektiboa deitu zuten zapatuan [maitzak 21]. Guztira 12 boluntarioak erantzun zioten deialdiari eta, “150 kilo hondakin inguru” bildu zituzten.

Argazkia: Bermeoko Udala
Boluntarioek, taldeetan banatuta, herriguneko lau gune garbitu zituzten, “sei zaku handi” betez: Tala eta Tonpoi ingurua, kanposatuko atzealdea eta Aritzatxu hondartza, Baratz-Eder eta San Martin auzoko berdeguneak eta Landabaso industriagunea. Udaletik jakinrazi dutenez, gehien batu zituzten hondakinak latak, plastikoak eta ontziak izan ziren, “%80 inguru”.
Udaletik boluntarioek egindako “lan bikaina” eskertu dute: “Eskerrik asko bihotzez zuen lanagatik eta ingurumenarekiko agertutako konpromisoagatik”. Era berean, herritarrei herria garbi mantentzeko eskaera luzatu die: “Mantendu dezagun herria garbi! Gertukoa garbi mantentzea, urrunekoa babesteko lehen pausua da!”.

Argazkia: Bermeoko Udala