"Gure esku dago gure txikitasunetik herria izateko pausoak ematea"
Gure Eskuk deituta, domekan Matxitxakoko gudako oroigarrian daukate hitzordua Busturialdeko herritarrek.

Herri Libre bat aldarrikatzeko mobilizazio nazionala deitu du Gure Esku mugimendu herritarrak datorren ekainaren 7rako [zapatua], Bilbon. Hori iragartzeko baina, Deiadarra dinamika egingo dute domekan [ekainak 1], Bizkaiko bost deiadar-menditan, tartean, Bermeon. “Herritar guztiak” gonbidatuta daudela gogoratu dute Gaizka Ormaza Korral eta Garbiñe Astoreka Ugalde Bermeoko Gure Eskuko kideek: “Deialdi zabala da, deiadarra erabiliko dugulako ekainaren 7an Bilbon Euskal Herria, gure sinis eta gogoko Herri libre bat borrokatzeko bilduko garela iragartzeko”.
Ekitaldiak hartuko dituzten bost mendi-tontorrak (Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia, Oiz eta Sollube) adar-soinuz Batzar Nagusietara joateko deia egiteko baliatzen zirela gogoratu Ormazak. Bermeoko agerrraldian gainera, urte luzeko ohitura horri “interpretazio berria” emango diote: “Deiadarrak beti izan dira mendi tontorretik barrurantz, herrirantz, eta hori oso ondo dago, baina guk, aspalditik, uste dugu gure itsasorantz ere bidali behar ditugula mezuak; horregatik, domekan Matxitxakon izango gara Nestor Basterretxearen Matxitxakoko Guda eskulturan. Sollube aurten Matxitxako bihurtuko da”. Ekitaldia, besteren artean, gudan hildako gudariak eta Frankismoaren ondorioz, itsasoa medio, Euskal Herritik alde egin behar izan zuten ume eta familiak gogoratzeko ere baliatuko dute.
Bermeon, gainera, herriko “mendiko zerpa” izandako Sabino Bilbao Uriarte omenduko dute, iragan astean zendutako “herriko mendi taldearen sortzaile eta Gure Eskuko militantea”. Bilbao Gure Eskuk Pirineoetako Bidea ekimena egin zueneko zerpa izan zen, eta beste hamaika ekintzetan ere parte hartu du, tartean Sollubek hartu zuen aurreko Deiadar ekitaldian.
Tontor guztiera iristeko ibilaldiak egingo dira, eta Bermeo ez da gutxiago izango: eskualdeko mendi talde zein Taraskan dute hitzordua, 09:00etan, mendi martxan Matxitxakora iristeko. Hala ere, Gure Eskuko kideek autoz edo autobusez joateko aukera ere badagoela gogoratu dute. Ekitaldi politikoak eta adar-jotzea “aldi berean” egingo dituzte bost tonterretan: 12:00etan: “’Ekainak 7an danok Bilbora, Herri Libre bat’ izango da aldarrikatu dugun mezua”. Domekako zein ekainaren 7rako antolaturiko ibilaldi eta ekitaldiak “familian egiteko modukoak” direla zehaztu dute, “jai giroko aldarrikapenak” direlako.
“Denekin hitz egin da eta denei egin zaie lekua. Erantzun bat egon da, eta orain ikusiko dugu ea zen den mobilizazioaren erantzuna”
Gure Eskuk “estrategia bat” duela gogoratu du Ormazak, helburu duen Herri Libre Bat aldarrikapena aurrera eramateko “edozein momentu ona” dela zehaztuz: “Europako Parlamentuak euskara, katalana eta galiziera ofizialki onartzeko aukera izan du eta ikusi dugu zein den erantzuna: horren aurrean, herri libre bat eskatzen duen herria ezin da isilik egon. Gaur euskera da, bihar edozein faktore ekonomiko edo sozial izan daiteke. Gure borrokak ez du egutegi bat jarraitzen”. Hala ere, ekainaren 7 Bilbon bat egitearen garrantzia azpimarratu du, “bat datozen ahalik eta elementu gehienak” elkartzea bilatu duelako herri mugimenduak: sindikatuak, mugimendu sozialak, alternatiba edo alderdi politikoak…. “Denekin hitz egin da eta denei egin zaie lekua. Erantzun bat egon da, eta orain ikusiko dugu ea zen den mobilizazioaren erantzuna”.
Herriaren inplikazioa.
Mobilizazio handirako zortzi egun falta direla, Busturialdean giza katea eta herri-galdeketak egin zirenek herritarren “parte hartzeak behera” egin duela nabarmendu du Astorekak: “Jendearen artean egon zen itxaropena, denborak luzatuz joan direnez, ezin izan da berdin mantendu. Beherakada egon zen: aurreko batean 19 autobus bete genituen Bermeotik, eta azkenetan eskualdeko autobus bat joan da.”. Horregatik, gizartea aktibatzea bilatuko dute: “Gure memoriaa eta bihotzaren barruan nor garen, zer garen eta nora joan nahi dugun aktibatzea bilatzen da, eta edozein momentu da ona horretarako. Zergatik? Beste batzuentzako momentu guztiak direlako kontra egitekoak, eta haiek dutelako boterea. Uste dut garrantzitsua dela maila honetako mobilizazioak egitea, euskaldunak diren eta euskaldun sentitzen diren arteriak bizitzeko”.
Estatus politikoaren harira, “alderdi politikoekin egindako aliantzak” ere kaleko zarata baretu zuela nabaritu dute, “handik bide bat egongo zela pentsatzen zelako”. Hori baina, “kajoi batean geratu” dela zehaztu dute, kaleak “berriro aktibatzeko beharra” piztuz. Ormazak “oso kezkagarria” den faktore bat ere badagoela ondorioztatu du: “faktore komunikatiboa”: “Sare sozialez beteta gaude, eta lehen kaleak ziren herritarren sare sozialak. Kaleko indar hori ez da desagertu, aldatu egin da. Horrez ez du esan nahi jende hori ideologikoki aldatu denik, baina sare sozialek gizartea desmobilizatu dute”.
“Erabakitzea kultura bat da, eta herri honek kultura hori ikasi du; orain, gure sentimendua jarri behar da”
Euskal Herriaren erronka handia “Euskal Herria izatea” dela azpimarratu du Ormazak: “Izan nahi dugu, baina ez gara. Nahi bat da, mugatzen diguten nahi bat da”. Erronka horri aurre egin eta nahia errealitate bihurtzeko bidean Gure Eskuk “akuilu” izan behar du Astorkiaren esanetan: “Gure Eskuk herri aktibatzeko akuilu izan behar du. Alde batetik herria aktibatzen, herria mobilizatuz eta gure iparra zein den —Herri libre bat izatea— jabetuz; bestetik, eragile politiko eta sozialagaz aliantzak lortzen joatea, erraza ez bada ere”. Ildo horretan, herri mailan “indar gehiago” izatea falta du mugimendu herritarrak.
“Demokrazia mugatua”.
“Gu azkenean grano bat gara, europar demokrazia batean; demokraziaren legea erabakitzeko askatasuna da, eta guk ez daukagu. Demokrazia hitza da, baina erabilera ez da egokia; demokrazia mugatua da”, azpimarratu du Ormazak. Egoera horren aurrean, gizarteak erabaki ahal duten horretatik eragin dezakela uste dute: “Demokrazia faltsua ez doa Euskal Herriaren kontra, demokraziaren beraren kontra baizik. Guk erabaki behar dugu zer egin nahi dugun: etxean geratu, alineatu edo gure herriaren aldarrikapena egin”. Demokrazia horretan alderdi politikoei “herria zertan dagoen” gogoratu eta bide horretan pausoak emateko “akuilu” izatea da Gure Eskuren egitekoa.
Ekainaren 7ko “mugimendu erraldoiak” agente sozial edo politiko batzuk “kezkatzea” ekarri dezakela uste du Ormazak, “hasiera batean gehienak alde daudelako”. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian lehen ematen ez ziren mugimendu batzuk ere ematen ari direla gogoratu dute, horietako lanketa “ezbedina” delako: “Hiru marko gaude eta abiadura ezberdinean goaz, Hego Euskal Herriko eskualde askotan herri galdeketak egin ziren adibidez, eta Nafarroan ez da hori egon. Nafarroak bere plangintza propioa egin zuen”.
Hala, Bermeotik eskualdeko herritarrei ekainaren 7an Bilbora bertaratzeko deia egin die Gure Eskukoek: “Guk egin behar dugu, inork ez du guregatik egingo. Gure esku dago gure txikitasunetik herria izateko pausoak ematea. Erabakitzea kultura bat da, eta herri honek kultura hori ikasi du; orain, gure sentimendua jarri behar da erabakitzeko kultura horretan”.