Hondakinen garbiketa kolektiborako deia
Bermeoko Udalak eta Ura Gara talde ekologistak 'Let´s Clean Up Euskadi!' ingurumen-garbiketa kanpainagaz bat egin eta garbiketa kolektiboa antolatu dute zapaturako [maiatzak 31]. Talan jarri dute hitzordua, 10:00etan.
Bermeoko Udalak eta Ura Gara talde ekologistak Let´s Clean Up Euskadi ingurumen-garbiketa kanpainagaz bat egin dute, eta hondakinen garbiketa kolektiboa antolatu dute zapatuan [maiatzak 31]. Kanpaina Europa mailako Let´s Clean Europe! dinamikaren barruan kokatzen da, eta gizakiak sortzen dituen “hondakin horiek saihetu, murriztu eta birziklatzeko beharra” azpimarratzen ditu. Ekimenaren helburua herritarrak hondakinen prebentzioaren eta kudeaketa egokiaren garrantziaz jabetu eta udalerria garbi mantetzeko bidean “modu aktiboan parte hartzea” dela nabarmendu dute udaletik.
Zapatuko hitzordua 10:00etan jarri dute, Talako kantinan. Bertan parte hartzaileei ongietorria egin, dinamikaren inguruko azalpenak eman eta lanerako taldeak osatuko diuzte, segituan herriguneko “lau gune nagusi” garbituko dituzte: Tala eta Tonpoi ingurua, kanposatuko atzealdea eta Aritzatxu hondartza, Baratz-Eder eta San Martin auzoko berdeguneak eta Landabaso industriagunea. Garbiketa egin ostean, hondakinak tiologiaren arabera sailkatu eta bildutakoaren erregistroa egingo dute: “Birziklatze-lana ere erraztuko da”.
Garbiketagaz bat egin gura duten herritarrentzako gomendioak zabaldu dituzte antolakuntzatik, besteak beste mendiko botak, eskularruak eta arropa erosoak eramatea, eguzkitako krema, bisera eta eguzkitako betaurrekoak ez ahaztea, ura eta jateko zerbait eramatea eta arduradunen argibideei kasu egitea. Era berean, ekintza “familian egiteko aproposa” dela azaldu dute, ingurune garbi eta iraunkor batera bidean herritarren parte hartzea “ezinbestekoa” dela nabarmentzeagaz batera. Horregatik, udal ordezkariak kanpainagaz bat egiteko deia egin dute: “Animatu, parte hartu eta gozatu goiz eder bat naturarekin harremanetan! Keinu txiki bakoitzak bere garrantzia du, guztion artean Bermeo txukunago bat izango dugu!”.