Hezkuntza publikorako sarbidea "ukatu" zaiela salatu dute Bermeoko bost familiak
Bost familiak beraien seme-alabentzat eskola publikoa aukeratu dutela aldarrikatu eta, "behin-betiko esleipena baliogabetzea" eskatu diote Hezkuntza Sailari. Gaur goizean [maiatzaren 28] agerraldia egin dute, euren egoera zein den azaltzeko.

Aurrematrikula egin ostean San Frantzisko Herri Ikastetxetik kanpo geratu direla salatzeko, Bermeoko bost familiak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean [maiatzak 28], ikastetxe horretan, Bermeoko Herri Eskolako Familia Elkartearen babesagaz. Familien erabakia errespetatuz, eskola publikoko plazen “behin-betiko esleipena baliogabetzea” eskatu diote Hezkuntza Sailari.
Aurrematrikula epea igarota, behin-behineko ebazpena jaso zutenetik, errekurtsoa eta gorako helegiteak aurkeztu dituztela azaldu dute, “momentuz, inolako erantzunik jaso gabe”.
Familientzat “ulertezina” da beraien seme-alabentzat aukeratu duten doako hezkuntza publikorako sarbidea “ukatu” eta gogoz kontra itunpeko ikastetxera bideratzea. Izan ere, beraien hautua eskola publikoa dela aldarrikatu dute: “Eskola publikoa aukeratu dugu; hau da, guztiona den eskola, baztertzen ez duen eskola. Ez dugu nahi gure seme-alabak itunpeko ikastetxe batera joatea. Tamalgarria da familiak horretara bideratzea, horrek dakarren guztiarekin”.
Eskola publikoa aukeratzearen arrazoiak ere zerrendatu dituzte, hezkuntza eta Euskal Eskola Publikoa defendatzen dituztela zehaztuta: “Eskola hau gure balioetara hurbiltzen den eskola bakarra da. Denona, aniztuna”. Era berean, bost familiak Amara Berri Sistemaren aldekoak direla azaldu dute, udalerriko beste ikastetxeetan sistema hori jarraitzen ez dutela zehaztuta: “Ezin dugu onartu inposaketa hori”.
Era berean, eskolatik kanpo geratu diren umeen guraso batzuk ikasle ohiak direla eta, kasu batzuetan, seme-alabak dagoeneko Bermeoko Haurreskolan daudela nabarmendu dute. Euren berbetan, esleitu zaien ikastetxea “kontziliazio familiarraren aurka” doa, “etxetik hezkuntza zentrora dagoen distantziagatik eskola-garraio eta jantoki zerbitzuaz baliatu behar direlako, derrigorrez”.
Aurrematrikulan betetako galdetegiaren arabera, familia kaltetuak “zaurgarritzat” hartzen dituztela gogoratu badute ere, ez dute uste zaurgarritasuna neurtzeko tresna eraginkorra denik: “Oso subjektiboa da, eta okerrago, manipulagarria”. Euren iritziz, zaurgarritasunaren izenean beraien seme-alabei hezkuntza eta eskola publikorako “sarbidea ukatu” zaie: “Asmoa ez bada ere, gure umeak zaugarri moduan bizi guztirako markatuta egoteko arriskua dago”.
Nabarmendu dute administrazio publikoak Euskal Eskola Publikoaren alde egin beharko lukeela: “Hezkuntza Sailak duen jarduteko moduarekin kolokan jartzen da sistema bera”.