Gazteei emantzipazio prozesuan laguntzeko informazio saioa eskainiko dute, Bermeon
Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak gazteei zuzendutako 'Etxebizitza eta gazteak. Aukerak eta baliabideak ezagutuz ' hitzaldia antolatu du, ekainaren 2an [astelehena]. Aurretik izena eman beharko da.
Egungo egoera ekonomiko eta sozialak gazteentzako urrats garrantzitsua den emantzipazioa zailtzen duenaren jakitun, Bermeoko Udalaren Gazteria Sailak gazteei zuzendutako informazio saio irekia antolatu du, Gazteen Emantzipaziorako Zerbitzuaren laguntzagaz. Ekainaren 2an [astelehena] 18:00etan, jarri dute Etxebizitza eta gazteak. Aukerak eta baliabideak ezagutuz hitzaldirako hitzordua, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean; bertaratzen direnei etxebizitza eskuratzeko dauden aukera ezberdinen berri emango diete.
Hitzaldia GAZ zerbitzuko profesionalek eskainiko dute, eta udaletik jakinarazi dutenez, “emantzipazio prozesuan lagungarri izan daitezkeen programen eta dirulaguntzen berri emango dute”. Emantzipa eta Gaztelagun programak ere jorratuko dituzte, azken hilabeteetako “baldintza-aldaketa berriak” kontuan hartuz. Dirulaguntza horiek gazteei “etxebizitza duin bat eskuratzeko eta ekonomikoki egonkortzeko” laguntza eskaintzen diete gazteei, eta, horregatik, garrantzitsua da horien hartzaileek informazio eguneratua izatea.
Kultur etxera bertaratzen diren gazteek, gainera, galderak egin eta beraien egoera pertsonalari buruzko zalantzak argitzeko aukera edukiko dutela jakinarazi dute. Saioa doakoa izango da, baina halere, aurretik izena eman beharko da eta horretarako aukera ezberdinak gaitu dituzte: GIZra Whatsapp bidez idaztea —688 81 99 50— edo 94-617 91 58 telefono zenbakira deitzea, giz@bermeo.eus helbide elektronikora idaztea, GIZen bulegora bertaratzea —Gizarte eta Kultura Etxeko 1. solairuan— edota online galdetegia betetzea.