Zabalik daude 2025eko azoka berezietarako inskripzioak
Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi du 2025eko azoka berezietan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakela dagoeneko, www.gernika-lumo.eus webgunearen bidez.
Beste urte batez, Gernika-Lumo Euskal Herriko gastronomia, artisautza eta landa-tradizioen epizentro izango da. Izan ere, foru herriko udalak jakinarazi du 2025eko azoka berezien egutegia zehaztuta dagoela jada. Era berean, era ofizialean ireki dute izena emateko epea, “zaporeekin, usainekin eta herri jakintzekin ospatzen diren hitzorduen batean parte hartu nahi duten pertsona, erakunde edo ekoizle guztientzat”. Izena emateko izapideetarako www.gernika-lumo.eus webgunea ahalbidetu dute, eta bide batez, informazio gehiagorako ere webgune berbera erabil daitekeela azaldu dute.
Ekainaren 7a izango da denboraldiari irekiera emango diona, Txakolin Azokarekin. “Jardunaldian, jatorri-deitura duen Bizkaiko Txakolina barazki eta fruta produktuekin eta euskal artisautzarekin uztartuko da”, gaineratu du udal gobernuak. Jarraian beste hainbat egun seinalatu dituzte egutegian; hala nola, uztailaren 5ean Gernikako Piperraren Eguna ospatuko da. Abuztuaren 2an, berriz, Arabako Errioxako ardoari eta bakailaoari omenaldia egingo diote herrian, eta irailaren 6an, Bizkaiko untxiaren eta sagardoaren azoka.
Urria ere azokaz jantzi dute dagoeneko, eta horren erakusle izango dira, Sukalki Eguna (urriak 4), ohiko Urriko Lehen Astelehena, Pirinioetako behien txapelketarekin (urriaren 5ean eta 6an), eta Eusko Labeldun produktuei eskainitako Urriko Azken Astelehena (urriak 27an). “Azaroa eta abendua ez dira atzean geratuko”, nabarmendu du udalak. Hala, Indabaren Eguna (azaroak 1), Barraskiloen Eguna (abenduak 6) eta Euskal Herriko XLVIII. Barraskilo Txapelketa (abenduak 21) hartuko dituzte hilabeteok, urteari amaiera emateko.