Portuaren kanpoko dartsenan dragatzea egingo dute
Datorren astean egingo dituzte Mundakako portuko kanpoaldeko dartsenaren dragatze lanak. Ponpatutako harea Laidara lekualdatuko dute, baimenduriko urpeko eremu batera.

Eusko Jaurlaritzaren Eliakdura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Itsasertzaren Garapeneko, Portuen eta Itsas Gaiteko Zuzendaritzak dragatze lanak agindu ditu Mundakako portuaren kanpoaldeko dartsenan, bertako harea ponpatzeko eta lekualdatzeko. Santa Katalina inguruan kokatutako dragatzea hurrengo astean egingo dutela aditzera eman dute, eta BAM enpresari esleitu diote eginkizun hori. Obren aurrekontua 25.000 eurokoa izango dela azaldu dute Jaurlaritzatik, BEZik gabe.
Koldo Goitia lekeitiarrak, Itsasertzaren Garapeneko, Portuen eta Itsas Gaietako zuzendariak, argitu du esku hartze horren helburu nagusia uda sasoian ermeu horretan ainguratzen deiren itsasontzientzako itsas sakonera “egokia bermatzea” izango da, modu horretan zerbitzuaren “eraginkortasuna, segurtasuna eta kalitatea” ziurtatze aldera, batez ere, “Bizkaiko kostaldeko jolas jarduera handienetakoa duen portuetako batean”.
Lanak, funtsean, 1.000 metro kubiko harea garbi dragatzean oinarrituko dira. Harea hori Laidako hondartza inguruko eremu babestu eta baimendu batera eroango dutela adierazi dute, “ingurumen irizpideak betez”. Lekualdaketa hurrupatze ponpaketa bidezko dragatze sistema bat baliatuz egingo dutela argitu du Goitiak, “eraginkortasuna eta ingurumen inpaktu txikia bermatzeko”. Esku hartze horrekin, Jaurlaritzak “indartu” egingo du itsasertza jagoteko eta hobetzeko daukan konpromisoa, “eraginkortasunaren eta jasangarritasunaren jardun lerroan”.