Memoria gogora ekartzeko ekitaldia antolatu du Kontseilu Sozialistak
Busturialdeko Kontseilu Sozialistak funtsezkotzat du duela 50 urte frankismoaren azken salbuespen egoeraren baitan eskualdean jasandako gertakariak gogoratzea. Horretarako, ekitaldi politikoa antolatu du barikuan (maiatzak 23), Elai Alai areto txikian.
1975etik gaur egunera 50 urte igaro diren honetan, Busturialdeko Kontseilu Sozialistak frankismoaren azken salbuespen egoeraren baitako gertakariak azpimarratu ditu. Horregatik, barikuan (maiatzak 23), Gernika-Lumoko Elai Alai areto txikian jarri dute hitzordua, 19:30ean, ekitaldi politikoa burutzeko. Aurten egitearen garrantzia nabarmendu dute kontseilu sozialistako kideek: “Ikusi genuen gertakizun horien urte borobila dela aurtengoa, duela 50 urte gertatu baitziren salbuespen egoerako gertakariak. Berezia da”.
Salbuespen egoerako errepresioak hiru hilabetetan eskualdean eragin gogorra izan zuela balioan jarri nahi izan dituzte, bide batez. “Orokorrean jende askok ez ditu garai hartako gertakariak ezagutzen, ala ahaztuta dituzte, eta so garrantzitsutzat ikusten dugu memoria gogora ekartzea. Behin hemen gertatutakoaz oroitzea.”, gaineratu dute. Alegia, “ezagutza falta” ikusi dute antolatzaileek, “informazio falta”.
Garai hartako eskualdeko testuingurua “oso tentsoa” izan zela azaldu dute: “Salbuespen egoerako hiru hilabeteetan zehar, maiatzaren 14an hain zuzen, Blanca Salegi, iñaki Garay eta Motriko erahil zituzten. Baina, ez hori bakarrik. Gertakari gehiago ere bizi izan ziren. Ehundik gora atxilotu eta torturatu egon ziren Guardia Zibilen kuarteletan. Gernika-Lumoko institutuan politikoki antolatu ziren 30 ikasletik gora jipoitu eta atxilotu zituzten. Sarekadetan Guardia Zibilak pertsonak erabiltzen zituen giza-eskutu gisa. Etxeratze aginduak eta brigada faxistak zeuden gauez. Talde parapolizial faxisten atentatu eta ekintzak egon ziren; adibidez, Kanalako apaizaren etxe eta kotxeari su ematea, Foruko bi etxetan bonbak lehertzea, Mundakako taberna bat suntsitzea, eta Gernika-Lumoko komertzio ugaritan bonbak jartzea. Eta, zentsura izan zen nagusi, gainera, herrietan, nola ez”.
Hori guztia gogoan izatea funtsezkotzat dute Busturialdeko Kontseilu Sozialistako kideek, iraganera begiratzea funtsezkotzat duten bezala. Argi esan dute, bide batez, etorkizun egokia eraikitzeko iraganera bueltatzea beharrezkoa dela: “Iraganetik asko dago ikasteko. Etorkizunerako zer nahi dugun jakiteko, iraganera begiratzea ezinbestekoa da”. Gauzak horrela, ekitaldian zehar “garai hartako pertsonen testigantzak” ikusteko aukera egongo dela aurreratu dute antolatzaileek, halaber, bideo formatuan.
Nahiz eta “edonor” ongietorria izango den, batez ere gazteengan jarri dute begirada kontseilu sozialistako kideek: “Gehienek ez dakizkite urte horietan hemen egondako gertakariak, eta uste dugu gazteak horietaz jabetzea garrantzitsua dela”. Horrela ere, “mundu guztia” gonbidatu dute beraiekin bat egitera. Entzutera.