Ludoteka zerbitzu berrirako izen ematea, amaitzear
Maiatzaren 25ean amaituko da Mundakako ludoteka zerbitzu berrirako izena emateko epea. Ekainaren 5ean aurkeztuko dute zerbitzu berria, bilera informatibo batean.
Mundakako Udalak ludoteka zerbitzu berria abian ipiniko du. Domeka, hilaren 25a, izango da zerbitzu berri horretara izena emateko epemuga. Arduradunek aurreratu dutenaren arabera, hiru modalitatez osatutako ludoteka zerbitzua edukiko dute aukeran mundakarrek, “familien beharretara moldatuta”: urte osokoa, negukoa (ikasturte osoa, irailetik ekainera bitartean) eta udakoa (uztaila eta abuztua).
Izena emateko, herritarrek ludotekara bertara jo beharko dutela iragarri dute. Era berean, informazio gehiago gura dutenek, hori lortzeko bi bi edukiko dituzte: batetik, udalaren webgunera jotzea; bestetik, mundakakoludoteka@gmail.com posta elektronikora idaztea. Gainera, ludoteka zerbitzu berriari buruz jakin beharreko guztiak jendaurrean aurkeztuko dituztela argitu dute; mundakarrei ekainaren 5ean, 18:30ean, ludotekan egingo duten bilera informatiboan parte hartzeko deialdia luzatu diete udal ordezkariek.