Jende berria animatzeko ibilbidea prestatu dute Berbalagunek
Gernika-Lumoko Berbalagunek hilabete honetako ibilbidea prest dute; "jende berria animatzeko" ibilbidea izango da zapatuan (maiatzak 24) egingo dutena, ibilbide laua eta bi zirkularrez osatutakoa izanik. Izena emateko 600 482 010 telefonoa ahalbidetu dute.
Gernika-Lumoko Berbalagunek maiatzaren 24rako (zapatua) jarri dute hitzordua, hilabetez hilabete egiten dituzten mendi-irteerekin jarraitzeko, eta maiatzekoa egiteko. Kasu honetan, “ibilbide laua eta bi zirkularrez osatutakoa” jarri dutela nabarmendu dute antolatzaileek: “Jende berria animatu dadin jarri dugu, era horretan, ibilbide osoa egin ordez, erdia egiteko aukera izango baitute”.
Beti bezala, udaletxe aurreko plazan, 09:00etan jarri dute hitzordua, guztiak elkartzeko. Ibilbidearen xehetasunak ere aurreratu dituzte Gernika-Lumoko Berbalagunetik: “Donejakue bidea kontrako noranzkoan egingo dugu Burgoa auzoraino (Ajangiz). Hortik, Arratzuko Loiola auzora jaitsiko gara, eta bidehoria aprobetxatuz, Uarkatik Oleskora iritsiko gara. Une horretan, lehenengo zirkularra bukatuko dugu (7,5.km), eta nahi duenak Gernikarako bidea har dezake”. Hala ere, jarraitzeko asmoa dutenek Barrutibasotik erreka hegalera egingo dute, eta Oka ibaia gurutzatu ostean, Foruko Triñe auzora iritsiko direla esan dute. Atsedenerako tartea ere izango dute, nola ez, eta horren ostean, Gernika-Lumoko udaletxerako bidea hartuko dugu ezaguna zaigun tiloetatik.
Aurretiaz izena ematea eskertzen dute antolatzaileek; horretarako 600 482 010 telefonoa ahalbidetu dute, deiz zein Whatsappez Gernika-Lumoko Berbalagunekin kontaktatzeko. Hori kontuan izanik, herritarren artean animatzeko deia zabaldu dute: “Erdu geugaz!”