Iraganeko gertaeren egungo oihartzuna
'Gamazada. Gure poltsikoaren jabe' erakusketa inauguratu dute gaur Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Gamazada izenaz ezaguna den gizarte matxinadari buruzko erakusketa irailaren 21era arte egongo da ikusgai.

Historia markatu zuten gertakizunak zein gizarte gatazkak ulertzeko baliagarriak dira museoak, eta gatazka horietako bat du oinarrian gaur (maiatak 21) Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan aurkeztu duten Gamazada. Gure poltsikoaren jabe erakusketak: Gamazada. Xabier Irujo historialariak antolatu duen erakusketak bisitariak Gamazadaren historiara hurbiltzea du helburu, hori baita Nafarroaren autonomiaren aldeko borrokaren gertakari garrantzitsuenetako bat. XIX. mendeko gertakari horren testuingurua erakusten du bildumak, baita horrek izan zuen ibilbide historikoa eta garaiko objektu historikoak ere. Erakusketa irailaren 21era arte egongo da ikusgai.
Erakusketak argi aurkezten du Gamazada izenaz ezaguna den gizarte matxinadako gertaera, eta iraganerako leiho bat zabaltzen du, egungo Ekonomia Ituna hobeto ulertzeko baliabideak eskainiz. Nafarroako foruak eta autogobernua defendatzeko gertaera historikoa da, beraz, erakusketak lantzen duena, eta horri buruzko ikuspegi sakona eskaintzen du. Hala, Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Leixuri Arrizabalagak nabarmendu du erakusketak balio handia daukala XIX. mendearen amaiera markatu zuten historia eta gizarte gatazkaka ulertzeko: “Iraganaren testigantza izateaz gain, gure orainari eta etorkizunari buruzko etengabeko hausnarketa ere bada. Gamazada da gure poltsikoaren jabe, eta gure lurraren historiako pasarterik esanguratsuenetariko batekiko leihoa da erakusketa hau. Gure eskubideen, gure nortasunaren eta azken finean, gure autonomiaren defentsan inflexio puntua ezarri zuen gertakaria izan baitzen hori”.
Bere esanetan, erakusketak “aukera paregabea” eskaintzen du norbera norbere historiaren zati batera hurbiltzeko, “gertakari horrek, urrun egon arren, gaur egungo eztabaidan garrantzitsu bezain zirraragarria izaten jarraitzen duelako”. Diputatuak azaldu duenez, gogoratzeko aukera bat da, ikasteko aukera bat: “Baina, batez ere, gure memoria kolektiboa bizirik mantentzearen garrantzian pentsatzeko aukera bat da”.
Izan ere, German Gamazo Madrilgo Gobernuko Ogasun ministroa 1893an saiatu zen Espainia osorako aurrekontu sistema bateratu bat “inposatzen”, Nafarroari bere foru sistema kenduko ziona. Baina horrek erantzun “zuzena eta politiko sendo eta sakona” eragin zuen, ze, Nafarroan errebolta gisa hasi zena “berehala” zabaldu zen Bizkaian eta Gipuzkoan. “Eta protesta horren oihartzunak Euskal Herri guztian entzun ziren”, gehitu du foru diputatuak, “autogobernuaren defentsa irmoaren adierazpen gisa”.
Ondorioz, erakusketak iraganeko gertaerek egungo politikan eta gizartean nolako eragina duten hausnartzeko ere balio duela dio Arrizabalagak. “Gaur egun gertatzen dena ulertzeko, iraganera begiratu behar dugu, nondik gatozen ulertzeko. Ze, etorkizunera begiratzeko, ondo ezagutu behar dugu gure historia”.
Irujok onartu du duela urtebe edo bi urte pentsatu zutela Gamazadari buruzko gogoeta egin eta erakusketa modu honetan egituratzea. Hala, testuingurua azaltzen abiatu du erakusketa. Izan ere, zergatik matxinatu ziren? “Ba, 1.000 urtetan ez zutelako horrelakorik egin. Eurak nafarrak zirenez, zergak Nafarroan ordaintzen zituzten. Gauza bera gertatzen da Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Eurak zergak ordaindu gura zituzten, baina Nafarroan. Hori da, hain zuzen, gaur egun dugun kontzertuaren jatorria”, azaldu du Irujok.
Dena ondo ulertu eta ezagutzeko, erakusketa hiru gai-multzotan banatu dute: Sustraiak, 1893-1894ko gatazka eta ondorioak. Horien bidez, bisitariek ikusi ahal izango dute zer aurrekari historikok eragin zuten Gamazada, nola garatu zen gatazka, eta zer ondorio ekarri zituen, eta dena ikuspegi “irisgarri eta aberasgarri” batetik.
“Castejonen izan zuen amaiera Gamazadak 1984ko maiatzean, eta hori ere landu dugu, ze Sabino Arana ere joan zen bertara. Eta bertan, borobildu zuten EAJ alderdia izango zenaren programa, baita alderdia bera abian jarri ere. Datei erreparatuz, Gamazada deitzen diogun matxinada hori 1893ko otsailean hasi zen, eta ekainean Sabinok Larrazabalgo Ituna egin zuen, urtebete geroago EAJ osatuz. Gainera, garai hartako artikuluetan oso garbi utzi zuen Gamazadan ikusitakoaren oinarriak zutabetu zuela bere programa”, argudiatu du Irujok. Eta, esan du, beste bi lagun ezagun ere egon zirela bertan: Daniel Irujo —erakusketaren komisarioaren birraitona— eta Estanislao Aranzadi Nafarroako Euskara elkartearen sortzailea zein foruzale nabarmendua.
Hiru atal horietako kontakizuna balio historiko handiko zenbait objekturekin dago aberastuta. Tartean, Daniel Irujoren janzkia ikus daiteke, baina baita Aranzadiren abokatu toga, Nafarroako txanponen bilduma edota Bizkaiko Foru Liburutegiko Nafarroako Forua eta Nafarren Ohorezko Liburua. Gainera, Euskal Herria Museoko bildumaren parte den Foruen Monumentuaren maketa ere ikus daitezke. Denak ala denak, euskal historiaren funtsezko une batzuen isla dira.
Maiatzak 31, zapatua
18:00. Erakusketara bisita gidatua.
Ekainak 3, martitzena
18:00. Xabier Irujoren Gamazada hitzaldi errezitaldia, eta Josu Okiñenaren (pianoa) eta Garikoitz Mendizabalen (txistua) kontzertua.
Ekainaren 12, eguena
18:00. SanRokada hitzaldia, Gernikazarra historia taldearen eskutik.