Ibarrangeluk eta Mundakak Ueman sartzea eskatu dute
Ibarrangeluko eta Mundakako udalek Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko eskaera egin dute, osoko bilkuretan. Uemaren ekainaren 14ko batzar nagusian erabakiko du eskaerak onartuko dituzten ala ez.
Mundakak eta Ibarrangeluk Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (Uema) sartzeko eskaerak egin dituzte berriki. Donamaria, Ormaiztegi eta Mutiloagaz batera, Busturialdeko udalerri biek mankomunitatearen parte izateko erabakia hartu dute, eta Uemak ekainaren 14an Azkoitian egingo duen 2025eko lehendabiziko batzar nagusian erabakiko dute beraien eskakizunak onartuko dituzten ala ez.
Ibarrangeluko Udaletik aurreratu dutenaren arabera, udalerriak Uemaren parte izateko beharrezkoak diren “baldintza guztiak betetzen ditu”. Baldintza horietatik esanguratsuena herriko euskal hiztun kopuruari eragiten diona da; hain zuzen, biztanleriaren %70etik gora euskalduna izan behar da. Hori bai, alde esanguratsuak daude jakintzaren eta erabileraren artean; auzi hori konpontzera emana dator Ueman sartzeko erabakia. 2021eko adierazle soziolinguistikoek bistaratzen dutenez, ibarrangelutarren euskara ezagutza %90 inguruko da, eta %80tik gora herritarren lehen hizkuntza da euskara. Etxeko erabileraren datuetan, baina, bada aldaketarik: 2021ean, %60 pasatxoren lehen hizkuntza zen euskara.
Mundakan, EH Bilduk eta Herritar Alternatibak aldeko bozka eman dute; EAJk, “EUDEL nahikoa dela” iritzita, kontrakoa
Mundakako kasuan, udala osatzen duten alderdi politikoek eginiko azkenengo osoko bilkuran, gehiengoak Ueman sartzearen aldeko hautua erakutsi zuen. EH Bilduren hiru zinegotziek aldeko bozka eman zuten, baita artean udal gobernu taldearen parte aktibo ziren Herritar Alternatibaren bi zinegotziek ere. Egun horretan, baina, alderdi politiko hark udal gobernua uzteko erabakia plazaratu zuen; ez zuen aldatu, baina, Ueman sartzeari zegokion erabakia. Horrenbestez, orain oposioko alderdia izanik ere, Herritar Alternartibak osoko bilkuran plazaratutako baiezkoari eusten dio. EAJren hiru zinegotziek, ordea, aurka bozkatzea erabaki zuten, euskararen aldeko hizkuntza politikak bideratzeko “EUDEL nahikoa dela” argudiatuta.
Mundakako egoera soziolinguistikoak, hain zuzen ere, bete-betean erantzuten dio Uemak defendatzen duen jomuga nagusiari: euskararen biziberritzerako, jakintzaren eta erabileraren artean dagoen arrakala murriztea. Mundakan, soziolinguistikoki udalerri euskalduna den arren, aldea dago ezagutzaren (%68) lehen hizkuntzaren (%47), euskara gaitasunaren (%21), eta kaleko (%39) zein etxeko (%25) erabileren artean. Bilakaera horren nondik norakoak kontuan izanda, euskararen galera handiagoa da irabazia baino; dinamika horri buelta emateko beharrizana ikusi du udal gobernu taldeak, beste udalerri euskaldunekin eta UEMArekin batera eragiteko, bereziki herritarren ahalduntzeari dagokionean.
Zerrenda handitu guran.
Egun, Hego Euskal Herriko 168 udalerri euskaldunetatik 113 dira Uemako kide; aipatutakoekin, beraz, zerrenda 118koa izatera pasatuko litzateke. Erakunde publikoaren barruan dauden udalek, bestalde, 353.000 biztanleko lurgune euskalduna eratzen dute. Uemaren xedea udalerri euskaldunetako nahiz arnasguneetako hizkuntza politiketan eragiteko egitasmoak garatzea da; gainera, udaletan behar handia egin arren, ez dira horietara mugatzen, azken urteotako erronka nagusia herritarren kontzientziaziorako ekimenak sustatzea izan baita.