Busturialdeako Plan Estrategikoan herritarrek parte hartzeko beste epe bat zabaldu dute
Herritarrek ekainaren 3ra bitartean parte hartu ahal izango dute plan estrategikoaren baitan kokatu duten bigarren fase horretan.
Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoan (EPE) parte hartzeko aukera izango dute herritarrek ekainaren 3ra bitartean, izan ere, plan estrategikoaren baitan bigarren fase bat zabaldu dute arduradunek. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean eta Eusko Jaurlaritzaren Irekian eskuragarri dagoen galdetekiaren bidez orain arte identifikatu dituzten 17 proiektuen inpaktua baloratu ahal izango dute interesdunek.
Zehaztu dutenez, fase hau lehentasunezko jarduketa eremuetako eskualdeko plan estrategikoen metodologiaren baitan sartzen da, ze, nabarmendu dutenez, horren bitartez herritarren parte hartzea bermatu gura dute prozesu osoan. Hori bai, kasu honetan, aldez aurretik tokiko eragileekin, erakundeetako ordezkariekin eta adituekin egindako lanaren ondorioz, eskualdearen garapen ekonomiko eta sozialerako eraldaketa gaitasun handia duten ekimenak aurrez definitu dituzte.
Planagaz eskualdeko lehiakortasun ekonomikoa eta bertan bizi direnen bizi kalitatea hobetuko duten proiektu estrategikoak bultzatu gura dituzte Jaurlaritzak, aldundiak eta eskualdetako 20 udalek, eta, esan dute bigarren epe honetako emaitzak ere kontutan izango dituztela azken dokumentuaren parte izango diren ekimenak lehenesteko.