Lagunekin kirola egin eta atletismoa ezagutzeko hitzordua
Bermeoko Udalak eta Taraska Atletismo Taldeak Atletismoko Haur Olinpiadak antolatu dituzte domekan [maiatzak 25], eta bihar [maiatzak 21] da izena emateko azken eguna.

Ikasleek atletismoaren oinarrizko proba ezberdinak ezagutu, eta batez ere, lagun artean kirola egiteaaz gozatzeko helburuagaz antolatu dituzte Atletismo Haur Olinpiadak Bermeoko Udalak eta Taraska Atletismo Taldeak. Domekan jarri dute hitzordua, 10:00etan, Artza frontoian.
Kirolaren bueltan antolatutako jarduera Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dagoela zehaztu dute antolatzaileek, eta parte hartu gura dutenek, hezkuntza zentroetan dute izena emateko aukera. Umeek izena ematean jasoko du Atletismo Haur Olinpiadetan parte hartzeko dortsala. Izena emateko azken eguna, baina, bihar [maiatzak 21] izango da.
10:00etan hasi eta bi orduz ikasleek “hainbat proba” egiteko aukera edukiko dutela jakinarazi dute udaletik, besteak beste, vortex jaurtiketa, oztopo lasterketa eta abaidura probak. Gainera, aurten luzera jauziaren ordez altuera jauzia egingo dutela aurreratu dute.
Iaz 135 umek parte hartu zuten, eta antolatzaileek Atletismoko Haur Olinpiadak aurreko urteko parte hartze bera izatea espero dute. Horregatik, udaletik “neska-mutil guztiak” animatu dituzte domekako kirol jardunaldian parte hartzera.