"Aurrerapauso sendoak" ematen ari den Arrain Azoka
Arrain Azokako antolatzaileek asteburuak emandakoaren lehen balorazioa egin dute, eta "oso pozik" agertu dira azokak izan duen parte hartze zabalarekin.

31. Arrain Azokan murgilduta igaro dute asteburua bermeotarrek, eta orain, urteko asteburu berezienetakoa atzean utzita, lehen balorazioak egiten hasteko unea iritsi da. Eguraldia lagun zutelarik, barikutik domekara bitartean Bermeon nagusitu den “giro aparta” nabarmendu dute antolatzaileek, lehen balorazio “oso ona” eginez.
Azken urteetan Arrain Azokak bere izaera zabaldu eta aberasten jakin duela azpimarratu dute, gaur egun “azoka bat baino askoz gehiago” dela nabarmenduta: “Gastronomia gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari da, eta horrek Bermeoko nortasuna, kultura eta bizimodua erakusteko leiho batean bihurtu du azoka”. Era berean, azokak izan duen “bilakaera sendoa” azaleratu gura izan dute, esperientzia kolektibo eta kultural bihurtzeko bidean “aurrerapauso sendoak” eman dituela zehaztuta.
“Gero eta indartsuago”.
Azokaren lehen egunak “gero eta jende gehiago” batzen duela zehaztu dute antolatzaileek: “Barikua gero eta indartsuago kokatzen ari da”. Horren adierazle da, salmentak ere, neurri handi batean, inaugurazioaren egunean bertan egin zirela. Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, enpresa erakusleak eta parte hartzaileak “oso pozik” agertu dira asteburuak emandakoarekin. Hala ere, datozen egunetan balorazio sakonagoa egiteko batzartuko dira.
Bermeoko alkate eta Arrain Azoka Elkarteko presidentea den Nadia Nemeh Shomalyk inaugurazio ekitaldian bizi izan zuen asteburuko “une hunkigarrieneko bat”: Hegaluze Sariaren banaketa. Aurten, itsas sektoreko emakumeei egin diete aitortza, eta lanbide eta belaunaldi ezbedinetako hainbat emakume bildu ziren Lameran. “Oso hunkigarria izan zen, eta ohore bat izan da eurekin guztiekin oholtza gainean egon ahal izatea. Oso harro gaude, uste dugulako Bermeok zor hori zuela itsas sektoreko emakumeekin”, azaldu du Nemehk.
Ekitaldira bertaratu ziren agintari eta herritar guztiak zutunik txaloka ikustea “ikaragarria” izan zela gehitu du. Era berean, Arrain Azokan antolatutako ekitaldi guztiek “harrera oso ona” izan dute, eta jendetsuak izan dira: “Parte hartzea handia ian da, eta oro har, giro ezin hobea egon da egun guztietan”. Nabarmendu dutenez, udalerria jendez beteta egon da hiru egunetan, eta “giro osasuntsua” izan da nagusi.
Era berean, Arrain Azokan parte hartzen duten pertsona, talde, enpresa, langile eta boluntario guztiei eskerrak eman dizkie Nemehk: “Arrain Azoka arrakastatsua bada, euren laguntzari esker da”. Horrez gain, herria babesteko lanetan aritu direnen lana ere eskertu du.
Lehen balorazio arin eginda, Arrain Azoka Elkarteko kideak datozen egunetan bilduko dira balorazio sakonagoa egin eta datorren urteko edizioari begira lanean hasteko. Helburua argi dute, “azokaren kalitatea hobetzen jarraitzea eta esperientzia gero eta aberatsagoa eskaintzea”.