850 ikasle, kontzientzia ekologikoa bultzatzeko programan
Bizkaiko ikastetxeetako 8 eta 14 urte bitarteko 850 ikaslek parte hartzen dute "elkarbizitza eta natura-ingurunean ikaskuntza esperimentala" uztartzen dituen BBK Klima Ikastetxeetara programan.

Bizkaiko ikastetxeetako 8 eta 14 urte bitarteko 850 ikasle ari dira ekainaren 11ra arte iraungo duen BBK Klima Ikastetxeetara programaren lehen edizioan parte hartzen. Programa Urdaibaiko BBK Klima instalazioetan gauzatzen da, Busturian, eta ikasle eta irakasleei “ingurumenarekin konektatzeko eguna” eskaintzea du xede, modu “hezitzaile eta ludikoa” batean. Jarduerak astelehenetik eguaztenera bitartean egiten dituzte ikasleek, 09:30etik 15:30era bitartean.
Ainhoa Elortegi Ingurumen eta Garapen Iraunkorreko arduradunak azaldu duenez, programak kontzientzia ekologikoa eta klima-aldaketaren inguruko hausnarketa sustatzeko “proposamen pedagogikoa” eskaintzen du, “jarduera erakargarrien bidez, naturarekin harreman estuan”. Jarduera praktiko eta parte hartzaileak ditu programak oinarrian, eta elkarbizitza eta natura ingurunean “ikaskuntza esperimentala” uztartzen ditu.
“Ekimen berri honen bidez, ezagutza eta emozioaren bitartez jarrera aldaketa bat sortu nahi dugu: planeta kontuan hartzen duten belaunaldi kontziente, arduratsu eta konprometituak heztea”, nabarmendu du Elortegik. Ildo horretan, “hezkuntza ekologikoan, berrikuntza jasangarrian eta komunnitate ekintzan aurrera egitea” da BBK Klimaren helburua. Hori lortzeko “aldaketaren bultzatzaile” izan gura du programa berriak: “Gure ingurunea babesteko eta etorkizun jasangarri bat bermatzeko komunitatea batu eta modu erabakigarrian jardutea posible dela erakutsi nahi dugu. Programan parte hartzen duten ikasleek aldaketa bultzatzeko inspirazioa eta motibazioa sentitzea nahi dugu”.
Busturiko instalazioak eskaintzen dituen baliabideen bitartez, ikasleek naturarekin harremanetan jarduteko eta “jasangarritasunaren kontzeptuetan sakontzeko aukera” dute, besteak beste: energia berriztagarriak, uraren kontserbazioa eta erabilera arduratsua, garraiobide jasangarriak…
BBK Klimatik jakinarazi dutenez, 2025/2026 ikasturterako izen ematea ekainaren 16an [astelehena] irekiko da. Interesa dutenek klima@bbk.eus helbide elektronikora idatziz edo 94-678 07 10 telefono zenbakira deituz izango dute izena emateko aukera.