San Isidro eguna, giro herrikoiean
Tradizioari eutsiz, nekazari eta baserritarren eguna ospatzeko batu dira gaur [maiatzak 15] muruetarrak. Bolo-jokoa eta bingoa izan dituzte aukeran goizean, eta arratsaldean lehenengoz antolatu duten zesta partiduak ikusteko elkartuko dira.

Muruetarrek ez dute hutsik egin: tradizioari eutsiz, San Isidro eguna ospatzeko elkartu dira. Egun guztiko egitaraua zuten prestatuta gaurko [maiatzak 15], eta ez dute kale egin. 11:30ean elkartu dira meza entzun eta San Isidrorekin prozesioan irteteko.
San Isidro egunez Muruetan falta ezin den ekitaldirik bada, bolo-jokoa eta bingoa dira. Horri begira indarrak hartzeko baina, aurretik hamaiketakoan bildu dira herritarrak, San Isidro Kofradiakoen batera. Tripak ondo beteta ekin diote bolo lehiaketari, frontoian. Parekotasuna nagusi izan bada ere, Jose Alberto Eskibel izan da azkenean lehenengo postua eskuratu duena. Izan ere, parte hartzaile guztiak jaurti dutenerako, 14 bolora berdinduta egon dira Eskibel eta Nerea Torrontegi, eta berdinketa apurtzeko tiraldi berria egin behar izan dute. Horretan 7 eta 5 nagusitu zaio Eskibel Torrontegiri. Hirugarren saria, Jose Luis Foruriarentzat izan da, 13 bolo botata. Trebetasun erakustalditik ausazko jokoera egin dute jauzi, bingora.
Eguerdian atseden hartzera joan dira herritarrak, baina 18:00etan berriro ere kalera aterako dira, zaldi-probak ikusteko hitzordua baitute: ortezubiko proba harria eta ganeko karga mugitu nahian arituko dira Txertudi (Handi) eta Zubizarreta (Fiera). Hori bukatuta, lehenengoz antolatu duten zesta punta partiduak ikusteko aukera izango dute frontoian. Gernika Jai-Alaiko puntista gazteak kinielan arituko dira lehenego. Jarraian, Iker eta Kemen, Elene eta Latorreren aurka lehiatuko dira zesta punta partiduan.
Ohi legez, giro herrikoian txokoladan bilduta agurtuko dute muruetarrek nekazari eta baserritarren eguna.
Era berean, Ajangizen, Gautegiz Arteagan, Lumon, Mendatan eta Natxituan ere ospatu dute gaurko egun handia.


















































































