Mundakako EAJk uste du "albiste txarra" dela Herritar Alternatiba tokiko gobernutik atera izana
Mundakako EAJk dio EH Bilduren eta Herritar Alternatibaren "arteko hika-mika eta ezengonkortasunen ondorioz sortutako giro txarraren ondorioak" ordainduko dituztela herritarrek.
Herritar Alternatibak Mundakako udal gobernutik ateratzeko hartu duen erabakia mundakarrentzat “albiste txarra” dela uste du Mundakako EAJk. “Talde bien arteko hika-mika eta ezengonkortasunen ondorioz udalean sortu den giro txarraren ondorioak ordainduko dituzte herritarrek. Azken hilabete hauetan guztietan ikusi ahal izan dugu tokiko gobernuak udal agintean egin duen ibilbidea, eta horrek udalerriarentzako ze ondorio ekarri dituen”, argi azaldu dute jeltzaleek.
Hori esanda, gogoratu dute eurek lortu zituztela boto gehien 2023ko udal hauteskundeetan, eta EH Bilduk eta Herritar Alternatibak hauteskundeen ostean adostutako akordioaren eraginez geratu zirela udal gobernutik kanpo.
Hala ere, Mundakako EAJk akordioak bilatzeko lanean jarraituko du, “euren hauteskunde programan jasotako proiektu eta ekimenak mahaigaineratuz, sustatuz eta bultzatuz”.