Martxan dago Berbalagunen udaberriko lehiaketa
Ekainaren 13ra arte parte hartu ahalko da lehiaketan, eta parte hartzaile guztien artean Bermeoko produktuekin osatutako otzara zozkatuko dute.

Martxan dago Bermeoko Berbalagun egitasmoak antolatutako udako lehiaketa, eta ekainaren 13ra arte parte hartu ahal izango da. Ohi legez, Berbalagunek blogean eta sare sozialetan argitaratu ditu lehiaketako galderak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “lau galdera erraz” erantzun beharko dituzte parte hartzaileek, eta hriek erantzun ostean, orriari argazkia atera eta WhatssApp bidez 607 60 95 80 telefono zenbakira bidali beharko da. Beste aukera bat ere egon badago: galdetegia blogeko esteka zuzenaren bitartez betetzea.
Jasotako erantzun guztien artean Bermeoko produktuekin osatutako otzara zozkatuko dute, ekainaren 16an. Irabazlearen izen-abizenak eta galderen erantzun zuzenak Bermeoko Berbalagunen sare sozialetan jakinaraziko dituztela iragarri dute.
Mintzodromoa.
Euskaraldiagaz bat eginda, Mintzodromoa antolatu du Berbalagunek maiatzaren 21ean, 18:30ETIK 20:30era, Euskal Guneko plazan. Jakinarazi dutenez, taldeetan banatuta jardungo dute, eta talde bakoitzak gai bati buruz hitz egingo du, taldez aldatu aurretik.
Mintzodromoan parte hartzeko izena eman beharko da, eta horretako bi bide zabaldu dituzte: 607 60 95 80 telefono zenbakira deitu edo mezu bat bidaltzea, edo Bermeoko Berbalagunen blogean izena ematea.