Dena prest euskara pizteko ariketari ekiteko
Bihar hasiko da Euskaraldia, eta hamaika ekintzek mugituko dute euskara sustatzeko ariketa soziala; izan ere, denetariko ekitaldiak antolatu dira eskualdeko herrietan zehar.

Euskaraldia hastear da. Euskal Herri osoan eragiteko sortutako mugimendu sozialak bihar ekingo dio bere laugarren aldiari, Elkar mugituz egingo dugu lelopean, herritarren hizkuntza praktikak aktibatu eta euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Hala, bihar hasi eta 11 egunez praktika sozial masibo batean murgilduko dira euskal herritarrak, modu kolektibo batean eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz. Euskal Herrian zehar hamaika ekitaldi eta ekintza antolatu dira euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatzeko, tartean Busturialdean.
Biharko prestatu dute Euskaraldiko hasiera ekitaldia, esaterako, Busturian eta Bermeon. Busturiarrak Altamiran elkartuko dira Asier Kidam magoaren ikuskinagaz gozatzeko, eta jarraian, udalerriko Euskaraldiko hamaikakoa osatuko dute, txapa janzte herrikoiaren aurretik. Bermeotarrek, bestalde, Goiko plazan dute jarrita hitzordua, 19:00etan, ariketa kolektiboari hasiera emateko.
Beste zenbait udalerritan ere Euskaraldia aitzaki, hamaika ekintzatan batuko dira herritarrak. Gernika-lumotarrak izango dira bihar goiztiarrenak, 11:00etan elkartuko baitira Lizeo Antzokian, Segundo Olaeta Musika Eskolak eskualdeko hezkuntza zentroekin batera prestatutako ekitaldian. Gautegiz-arteagarrak jada hasita daude Euskaraldiko jarduerekin, baina hasiera ofiziala tronpa-poteoarekin emango diote, zapatuan Mihiluze Herrikoian bildu aurretik.
Euskaraldiko lehen asteburua baliatuta, Gernika-Lumoko Euskaraldiaren Batzordeak hasiera ekitaldia antolatu du, zapaturako, Pasealekuan. Asteburua baliatuko dute hizkuntza praktikak aktibatzeko Muxikan ere: bertso-triki-pintxo-poteoa antolatu dute, Gaukari, Atxelipe eta Kolakaine txokoetan, eta horietara iristeko autobusa egongo da.
Bihar hasi eta maiatzaren 25era arte iraungo du Euskaraldiak, eta 11 egunetan zehar banatuko dira denetariko ekintza eta hitzaldiak ere. Foruarrak, esaterako, euskaltzain urgazle eta AEKko arduradun ohia den Erramun Osaren Euskararen biziberritzea hitzaldia izango dute aukeran, maiatzaren 21ean. Mundakarrek, berriz, mugimendu soziala oinarrian duen kaleko ihes-gela prestatu dute. Euskaraldiaren azken egunean antzezlanak izango dira protagonista: eatarrek, esaterako, Ni eta nitarrak obra ikusteko aukera izango dute aukeran, Eskolondon.
Hala, elkar mugituz aldaketa posiblea dela iritzita, euskararen alde egingo dute Euskaraldian.
EGITARAUAK, HERRIZ HERRI
AJANGIZ
- Astean zehar
- 16:00/20:00. Txapa banaketa, Ajangizko Kultur Etxean.
BERMEO
- Bihar.
- 19:00. Euskaraldiaren hasiera ekitaldia, Goiko plazan.
- Maiatzak 21, eguaztena.
- 18:30/20:30. Bermeoko Berbalagunek antolatuta, Mintzodromoa, Euskal Gunean. Ezinbestekoa da izen ematea: 607 609 580
BUSTURIA
- Bihar.
- 17:00. Asier Kidam magoaren Hurbileko magia ikuskizuna, Altamirako plazan.
- 18:30. Hamaikakoak osatu eta txapa janzte herritarra.
- 19:00. Kantu-Kantari eta txistulariekin kantaldia.
EA
- Maiatzak 17, zapatua.
- 13:00. Kittarra kantuz, kantaldi ibiltaria Kana eta
- Naroa Gaintzarekin, Eako plazan.
- Maiatzak 23, barikua.
- 19:00. III. Euskal Kanta Ikastaroa, Itsaso Arrietaren eskutik, Eskolondon.
- 19:30. Txarakie Eako irakurle txokoak antolatuta, Miren Agur Meaberen Amorante frantsesa liburuari buruzko solasaldia, egilearekin.
- Maiatzak 25, domeka.
- 18:00. Ni eta nitarrak antzezlana, Eskolondon.
FORUA
- Maiatzak 16, barikua.
- 17:00. Eskulan tailerra, J.M. Torrealdai Kultur Etxean.
- Maiatzak 17, zapatua.
- 19:00. Gontzal Mendibil, San Martin elizan.
- Maiatzak 21. eguaztena.
- 19:00. Euskararen biziberritzea hitzaldia eskainiko du Erramun Osak, Foruko udaletxean.
GAUTEGIZ ARTEAGA
- Bihar.
- 19:00. Tronpa-poteoa, herriko tabernetan zehar.
- Maiatzak 17, zapatua.
- 19:00. Mihiluze Herrikoia.
- Maiatzak 22, eguena.
- 12:00. Euskararen erabileraren inguruko solasaldia.
- Maiatzak 25, domeka.
-
- 12:00. Sustabiz Fundazioarekin herri kirolak, Euskaraldiko dantzak eta hitzatzea.
-
GERNIKA-LUMO
- Bihar.
- 11:00. Segundo Olaeta Musika Eskolaren ekitaldia, eskualdeko hezkuntza zentroekin batera, Lizeo Antzokian.
- Etzi.
- 11:00. Segundo Olaeta Musika Eskola eta eskualdeko hezkuntza zentroen ekitaldia, Lizeo Antzokian.
- Maiatzak 17, zapatua.
- 12:00. Euskaraldiaren hasiera ekitaldia, Pasealekuan
MORGA
- Maiatzak 17, zapatua.
- 18:00. Tor magoaren Hator Magiara ikuskizuna, ludotekan.
MUNDAKA
- Maiatzak 24, zapatua.
- 17:00/20:00. Euskaraldiko kaleko ihes-gela, herrian zehar. Izena emateko udala.mundaka@bizkaia.org helbide elektronikora idatzi edo 94-617 72 00 telefonora deitu behar da. 12 urtetik gorakoak bakarrik parte hartu dezakete, 8-11 urte bitartekoek, heldu batekin.
MUXIKA
- Maiatzak 17, zapatua.
- 18:30. Bertso-triki-pitxo-potea, Gaukari, Atxelipe eta Kolakaine txokoetatik. Autobusa egongo da, eta tiketak Zubieta-Errota liburutegian daude salgai, 10 eurotan (645 00 66 63).
SUKARRIETA
- Maiatzak 17, zapatua.
- 18:00. Emakumeak eta kartzelak hitzaldia, Josune Muñozen eskutik.