Cork Euskal Herriko kanta herrikoiez jantzi dute
Corkeko (Irlanda) 'Cork International Choir Festival' kantu jaialdian parte hartu du Urdaibai Kantaguneak 20. urteurrena ospatzearen baitan. "Esperientzia oso positiboa" izan delarik, bertako areto eta espazio desberdinetan euskaraz eta gaelikoz kantatzeko aukera izan dute.

Urdaibai Kantagunea bere 20. urteurrena ospatzen ari da. Hori horrela, Corkeko (Irlanda) Cork International Choir Festival kantu jaialdian parte hartu du. Bertan parte hartzeko gonbidapena jaso zuten, eta apirilaren 29an joan ziren harantz. Bidaiarekiko “balorazio oso ona” egin du kantaguneko kide den Ana Mari Ordoñezek: “Dena oso ondo joan da. Ez dugu arazorik izan, eta kantaguneko guztiok hunkiturik eta pozarren itzuli gara bueltan. Oso esperientzia polita bizi izan dugu”.
“Mundu osoko koralak” parte hartzen duten jaialdia zela azaldu du, gainera. Kantagunea izanik ere, ordea, joateko aukera izan zutela nabarmendu dute, euren esker ona adieraziz. “Lehiaketarako aukera zegoen arren, lehiatu gabe parte hartzekoa ere bazegoen, eta horretan izan ginen gu”, gaineratu du Ordoñezek.
Antolakuntza “oso ona” izan zela azpimarratu du, oro har: “Talde guztioi harrera egin ziguten, euren protokoloa erabiliz, eta talde

Argazkia: Urdaibai Kantagunea.
bakoitzaren nondik norakoak azalduz. Antolakuntzako pertsona batek, gainera, beharrezko ohar eta informazio guztia ahalbidetu zigun hasieratik, egonaldia erraztuz”. Aretoei aipamen berezia ere egin diote, halaber, Urdaibai Kantaguneko kideek, “hainbat gune desberdin eta handitan” abesteko aukera izan dutela gogoratuz.
Sei ekimen ezberdinetan kantatu zuten, esan dutenez, “espazio eta ordutegi desberdinetan”. Corkeko departamentu desberdinetan abestu zuten, baina Corketik kanpoko herrietan ere bai. Beraien helburuak argi erakusteko aukera izan zuten, beregain: 20. urteurrena ospatzea eta Esukal Herriko kanta tradizionalak eta ohiturak munduratzea. Hala, gehitu dute Euskal Herriko beste kantagune batzuetako kideak ere Urdaibai Kantagunearekin batera bidaiatu zutela Corkera. Euskara esanguratsua izan da, beraz, jaialdian. Izan ere, Zarautzeko koral bat ere bertaratu zen, Ordoñezen hitzetan.
Kalean abesteko kanta herrikoiak plazaratu zituztela esan dute, berezitasunez jantzita: “Gure zuzendariak lelo edo kopla batzuk gaelikoz abesteko proposamena bota zigun, eta horrela egin genuen. Ikusle guztiak gurekin batera abestu eta dantzatu zuten, eta oso hunkigarria izan zen”. Orokorrean, “esperientzia oso positiboa” izan dela adierazi dute. Gauzak horrela, 2019an Estokolmora eta 2013an Hannoverrera egindako bidaiak ere ekarri ditu gogora Ordoñezek, beraientzat “horrelako irteerak garrantzi handia” dutela esanez.
Hurrengoak.
Horrelako bidaia baten ostean “denboratxo bat hartzea beharrezkoa” dela esan dute, aurretiazko lan guztia balioan jartzearekin batera. Hala ere, Urdaibai Kantaguneak baditu dagoeneko hiruzpalau data zehaztuta egutegian: “Horrelako bidaia gehiago egiteko asmoa dugun arren, atseden bat behar dugu orain. Hori bai, ez gara geldirik egongo. Maiatzaren 17an (zapatua) Gernika-Lumoko Euskaraldiko ekitaldian parte hartuko dugu. Ondoren, ekainaren 22an Tafallan izango gara, Euskal Herria Kantuz egunean, bertoko kantagune denekin batera. Udan ere beste horrenbeste izango ditugu, Gernika-Lumoko jaiak edota Bilboko Aste Nagusia barne”.