Bonbardaketaren 88. urteurreneko egitarauaren balorazioa egin du Gernika Memoriaren Lekukok
Gernika Memoriaren Lekuko plataformak azken asteetan Gernikako bonbardaketaren 88. urteurrenaren baitan antolatutako ekintzen balorazioa plazaratu du.
Gernika Memoriaren Lekuko plataformak iragan asteburuan eman zion bukaera Gernikako bonbardaketaren 88. urteurreneko egitarauari. Hori ardatz, “pozik” agertu da plataforma, “memoria bizia eraikitzeko dugun elkarlanerako gogoagatik”. “Izan plataformako elkarteengatik, izan apirileko egitarauan gehitzen diren eragileengatik, edo-eta izan senidetze-elkarlanean ehuntzen dugun sareagatik”, gaineratu dute. Gainera, aurten, inguruko herriekiko lankidetza nabarmendu dute plataformakideek; besteak beste, Markinaldea, Lleida, Larrabetzu, Mungia, Laukiz, Palestina, deportatuak eta eskultoreak dira horren erkusgarri.
Prestatutako egitaraua aurrera eramateko, aste santua tartean izan dutela gogoratu dute, eta horrek, “datetara, egoerara eta aukeretara doitutako egitarau aberatsa gauzatzea” ahalbidetu diotela. Erakusketak, aurkezpenak, aldarrikapenak eta arte disziplina anitzen ekarpenak azpimarratu dituzte, oro har, horrekiko. Apirilaren 26ari aipamen berezia egin diote, batik bat: “Eguraldiak ez zigun lagundu, baina herritarren parte hartzea, protagonismoa, elkarlana eta gure herriaren memoriarekiko atxikimendua azaltzeko aukera izan genuen”.
Orokorrean balorazio positiboa egin duten arren, kritikarako tartea ere hartu dute Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoek: “Tamalez, kritikoak gara udaletik, nagusiki, indartu den nazioarteko ebentoarekin. Izan ere, apirilaren 26a bera desitxuratu zuen, egun horretako ohikoak diren ekimenak egunez aldatuz, eta Gernikako bonbardaketarekin loturarik ez duten diskurtsoak gailenduz, herritarren parte hartze eskasarekin, eta egun horretan zentralitatea Gernika-Lumoko herriak hartu behar duela ahaztuta”.
Horrela ere, alkatearen alde ere egin du plataformak, “1937ko bonbardaketaren Italiar faxisten inplikazio-aitortza” plazaratu izanagatik. Esan dutenez, alegia, “oso ondo” deritzote. Baina, horretan, Gernika eta bere memoria lantzen duten eragile guztien elkarlana sustatzea askoz emankorragoa izango litzatekeela adierazi dute, era berean, “eskaera aldarrikapen horrek babes herritarra duela adierazteko”.