Itsaso osasuntsuaren aldeko aldarriak, herritarrak kontzientziatzeko
'Zabor eta Bio' erakusketa ibiltariak Bermeoko Gaztelekuan du geraleku berria gaur hasi eta domekara [maiatzak 18] bitartean. Eleizalde Ikastolako eta Sagrado Corazon Ikastetxeko ikasleen mezuek osatuko dute Zero Zabor Uretanen aurtengo ekimena.

Astebetez Ondarroako udaletxean egon ostean, Zabor eta Bio erakusketak badu geraleku berria: gaur hasi [maiatzak 12] eta domekara [maiatzak 18] bitartean Bermeoko Gaztelekuan egongo da ikusgai. Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak bultzatutako Zero Zabor Uretan programaren barruan kokatzen den erakusketa gaur goizean aurkeztu dute, Lameran, eta bertan izan dira, besteak beste, Eleizalde Ikastolako eta Sagrado Corazon Ikastetxeko ikasleak.
Bio eta Zabor erraldoiak dira erakusketaren protagonistak. Zabor plastiko eta zakarrez egindako munstro handi bat da, eta alferrik botatzen diren gauzak islatzen ditu: plastikoak, poteak… Desagertzen ez diren hamaika gauza. Bio erraldoiak berriz itxaropena transmititzea du helburu, eta ondo jokatzen denean gerta daitekeena erakusten du. Erakusketaren misioa “pertsona guztiak itsas zaindari bihurtzea” dela azaldu dute Materreko ordezkariek eta horretarako, herritarren zein eragileen parte hartzeak duen garrantzia azpimarratu dute. Ikasleek bat egin dute ekimenagaz, eta Biok bezala, itxaropena islatzeko denetariko irudi eta marrazkiak sortu dituzte, erakusketaren parte izango direnak.
Aurkezpenean izan da Nadia Nemeh Bermeoko alkatea ere, eta honek Bermeo “herri txikia baina bihotz handikoa” dela nabarmendu du, eta ikasleei azaldu die helburua elkarlanagaz lortu dezaketela: “Denon artean, zuetatik hasita, erakusten ari gara zer den itsasoa zaintzea, zer den gutxiago botatzea eta zer den elkarrekin mundu hobe bat eraikitzea”. Nemeh “harro” agertu da Zero Zabor mugimenduak beste urte batez Bermeon geldialdia egiteagaz, eta ikasleen parte hartzea ere eskertu du, zaintza eta aldaketa posible dela erakusten dutela nabarmenduta.
Elkarlan horretan parte hartu dute Berton Bermeoko merkatari elkarteak ere, izan ere, maiatzaren 18tik aurrera, ikasleek sortutako irudiak merkatariei helaraziko dizkiete erakusleihoetan jarri eta “ikasleen mezu guztiak Bermeoko jende guztiari zabaltzeko”. Izan ere, dendariek ere badute “erosketak jasangarriak eta zero zabor izateko ardura”.
Eleizalde Ikastolako Lehen Hezkuntzako 4. mailako ordezkariek egunerokotasunean egin daitezkeen “ekintza xumeak” zerrendatu dituzte, herritarrei helarazi eta “itsasoari mesede handia” egiteko konpromisoa eskatuz: itsaso osasuntsu baten alde lan egingo dugu, ez dugu zaborrik uretara botako, itsasoa zaintzea geure eginkizuna da eta elkarrekin desagertu dezagun Zabor, itsas hondakinen munstroa izan dira zabaldu dituzten aldarrietako batzuk. Sagrado Corazon Ikastetxeko ordezkariek, bestalde, garatu duten Planetaren Zaindariak proiektuaren berri eman dute: “Gure proiktua Mater Ontzian egiten duten lanarekin lotuta dago; eguenean ikasketa jaia dugu, eta eskolako txikiei emango diegu azalpena. Zabor eta Bio erraldoiak egin ditugu umeak kontzientziatzeko”.