Guggenheim Urdaibai Stop plataformak positiboki baloratu du Miren Arzalluzekin egindako bilera
Plataformakideak Miren Arzalluz Guggenheim Bilbao Museoko zuzendariagaz batzartu dira beraien helburua azaldu eta zuzendariak duen informazioa eta iritzia ezagutzeko asmoz.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformatik herritarren kezkak azaltzeko bilera eskatu zioten Miren Arzalluz Loroño Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari orokorrari bere lehen aurkezpen publikoan, eta bilera hori barikuan [maiatzak 9] burutu zen. Plataformakideak “eskertuta” agertu dira Arzalluzek baietza eman izanaz, eta positibotzat jo dute batzarra.
2024ko iraila eta urria bitartean Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusiagaz, Ibone Bengoetxea Otaolea lehenengo lehendakariordeagaz eta Eneko Andueza Lorenzo PSE-EEko idazkari nagusiagaz izandako bileretatik jasotako erantzunak “esanguratsuak” izan zirela nabarmendu dute plataformatik: “Guggenheim Urdaibai ez dela proiektua ideia baizik, edota proiektua ez zutela ezagutzen esan ziguten, baina hirurak egin zuten bat Guggenheim Fundazioarentzat proiektu estrategikoa dela esatean”. Baina, Lehendakariak martxoan New Yorken egindako adierazpenak eta ahaldun nagusiak gehitutako esanak izan ziren plataforma Arzalluzengana eroan zutenak. Izan ere, gogoratu dutenez, lehenendakariak ziurtatu zuen Guggenheim Urdaibai proiektuak Guggenheim Bilbao Museoaren “etorkizunean eragingo” zuela, eta ahaldun nagusiak gaineratu zuen Bilboko museoa Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan erabakitzeko “autonomoa” zela.
Bilerara begira, Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren xedea plataformaren aurkezpena egin eta beraien “helburua argi adieraztea” zen: “Guggenheim Urdaibai proiektua behin betiko alboratzea”. Horrez gain, Arzalluzek proiektuaren inguruan duen informazioa eta iritzia ere ezagutu nahi izan zuten. Urdaibai “kalkulatu ezineko balioa duen museo bizia” dela azpimarratu zuten plataformakoek bileran, horren balio ekologikoak nazioarteko aitortza eta “hainbat babes figura” dituela zehaztuta: “Hori dela eta, ulergaitza da Guggenheim bezalako fundazio batek erakargarri ikustea Guggenheim Urdaibai bezalako proiektua. Non eta Biosfera Erreserbaren muinean! Gunerik zaurgarrienean eta babes handiena eskatzen duen eremuan. Bertako habitatak eta espezieak babestea premiazkoa den eremuan”.
Hausnarketarako deia.
Proiektua hasierarik inposizioa izan dela, eta eskualdearen “benetako beharren gainetik ezarri nahi” dutela salatu dituzte, herritarren parte hartzea alboratu eta “fundazio baten interes pribatuei” erantzuten diola zehaztuta. Era berean, proiektua eskualdeko araudietara egokitu beharrean horiek “proiektua bideragarri egiteko” helburuagaz moldatu direla azpimarratu dute: “Jokabide antidemokratiko hauen aurrean Guggenheim Fundazioak erakutsi duen isiltasunak ekintza horiek guztiak onartu eta babestu egiten dituela pentsatzera garamatza, eta, beraz, fundazioa bera ere erakundeen konplize zuzena litzateke herritarren eskubideak ukatze horretan”. Proiektuarena arazo izatetik gatazka izatera igaro dela zehaztu dute, eta “Guggenheim markak jasoko lukeen kaltearen aurrean” gogoeta egitera gonbidatu dute Arzalluz.
Iñigo Urkullu Lehendakari ohiak 2024ko urtarrilean publiko egindako “urte biko hausnarketa garaia” ere izan zuten mintzagai. Bertan jakinazi zioten plataformakideei museoaren patronatua eta Arzalluz bera ere hausnarketan murgilduta daudela: “Proiektua oraindik ez dagoela onartuta adierazi digu, eta laster gogoeta horren berri eman beharko dutela”. Guggenheim Urdaibai Stopetik “positiboki” baloratu dute zuzendariak gogoetarako erakutsitako “intentzioa eta ardura”.
Proiektu kulturala ere izan zuten hizpide, eta besteak beste, museoarentzat proiektuak aurrera egitea garrantzitsua bada, “beste kokaleku eta akzio mota batzuk” baloratu daitezkeela azaldu zioten Arzalluzi. Zehaztu dutenez, zuzendariak arretaz entzun zituen egindako proposamenak, baina argi utzi zuen, Guggenheim Museoaz gain, erakundeak ere badauela proiektuaren atzean eta “azken erabakia guztiena” izango dela.
Testuingu ezberdinak.
Era berean, Busturialdea Bilborekin alderatzea “akats handia” dela azaldu zioten plataformakoek, “oso errealitate eta testuinguru ezberdinak” direla zehaztuta. Bilboko museoari dagokionez, lehen lerroan zeuden kezkak inbertitu beharreko diru publikoa eta “bultzatuko zuen kultura arrotz eta elitista” zirela nabarmendu dute: “Guggenheim Urdaibairen kasuan kezka handia sortzen du diru publikoaren erabilera desegokiak, bai eta bertoko kulturari eragingo dion kalteak ere. Baina horren guztiaren gainetik dago aukeratutako eremua Urdaibai izateak sortzen duen kezka”.
Guggenheim Urdaibai Stop Plataformakoek zuzendariaren hausnarketa “zintzoa” izango dela sinistu gura dute: “Hala eginez gero, plataformak ez du dudarik proiektu hori Busturialdean egiteko asmoa bertan behera geldituko dela”. Era berean, argi esan dute bilerak ez duela proiektuarekiko duten ideia aldatu: “Gaur konbentzituago gaude proiektu hori inongo diagnostiko barik proposatutako okurrentzia bat besterik ez dela, eta lege eta araudiak tolestu eta moldatuz, urratsez urrats bideragarri egiten saiatzen diren bitartean, borrokan jarraitu beharra dagoela, Urdaibai errespetatuz eta errespetaraziz”.