"Ozen diogu: lurra eta gure bizitzak ez dira merkantzia bat"
Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak geldialdia egin du udalerrian, Nazioarteko VI. ekintzaren baitan. Bertan, bizitzaren jasangarritasunaren eta tokiko komunitateak erdigunean jartzen dituzten ereduen alde egin dute feministek, makroproiektueri ezetza adieraziz, Guggenheim Urdaibain proiektuan arreta jarrita.

Gaur egungo krisi klimatikoaren eta baliabideen ustiapen “basatiaren” aurrean, feminismotik, bizitzaren jasangarritasuna eta tokiko komunitateak erdigunean jartzen dituzten ereduak eraikitzearen alde egin dute, gaur (maiatzak 10), Gernika-Lumon: “Feminismotik aspaldi ari gara bizitza negozio bat ez dela salatzen. Guk argi diogu: makroproiektuei ez. Guk, bizitzaren jasangarritasunaren alde borrokan jarraituko dugu. Gaur, hemen, ozen diogu lurra eta gure bizitzak ez direla merkantzia bat”.
Mezu argia, zuzena eta ozena entzun da gaur Gernika-Lumon, izan ere, Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak geldialdia egin du udalerrian, Nazioarteko VI. ekintzaren baitan. Astra kanpoakldean jarri dute hitzordua arratsaldean, eta musika lagun dutela, mundu martxari ondoetorria egin diote.
Bardean abiatu duten ekimenak Araba, Bizkaia eta Lapurdi zeharkatuko ditu gaur, Donostian amaitzeko. Mundu martxak zapalkuntzaren hiru ardatz lantzea ditu helburu, eta horietako batean jarri dute arreta udalerrian: lurraren defentsa, migrazio politikak eta indarkeria matxista.
Bardean gerra eta militarizazioa landu dituzte, eta, Aramaion, berriz, landa eremuak duten garrantziaz aritu dira, lurragaz eta haziekin lotutako ekintza burutuz. Eta, eguneko hirugarren geltokia izan da Gernika-Lumokoa. Bertan, ekologismoaren garrantzian jarri dute fokua, Urdaibain dagoen erreserba naturala oinarri hartuta. Hala, Guggenheim Urdaibai makroproiektua salatzeko elkartu dira udalerriko zein Bizkaiko hainbat txokotako militante feministak eta ekologistak. Gero, ekitaldia amaituta, martxak aurrera jarraitu du, Irun eta Hendaiarantz.
“Nazioarteko ekintza bost urtean behin mundu mailan egiten dugun ekintza da, eta Euskal Herrian bezala, munduko hainbat txokotan askotariko ekimenak egiten ari gara, aldarrikapenak tokian toki lurretzako asmoz. Makroproiektuena da horietako bat, izan ere, hemen gertatzen ari dena ez da kasu isolatu bat, sistema kapitalista hetereopatriarkal eta kolonialistak etengabeko hazkunde prozesuan jarraitzeko tresna bat gehiago dira horrelako proiektuak”, arrazoitu dute udalerriko feministek.
Salatu dute Urdaibai, Euskal Herriko Biosferaren Erreserba naturala, “mehatxupean” dagoela, Guggenheim Urdaibai izeneko makroproiektua eraiki gura dutelako diru publikoarekin: “Proiektu hau ez dator bat eskualdearen behar sozial eta ekologikoekin; turismo masiboaren logikan oinarrituta dago, eta ingurumenari, komunitateari eta bertako bizimoduari kalte egingo diola badakigu”.
Biosferaren erreserba dena babesteko hainbat lege eta hitzarmen daudela gogoratu dute, Urdaibai Babesteko eta Antolatzeko Legea (1989) esate baterako, baina erakunde publikoek proiektu horri bide emateko lege horiek “moldatu eta alboratu” egin dituztela salatu dute. “Lurraren kalifikazioa aldatu eta kostaldearen babes eremua murriztu dute gure lurretan museo bat eraiki ahal izateko. Alegia, lurraren zaintza, komunitatearen beharrak eta jasangarritasuna albo batera utzita, museoa lau hilabetez ireki eta prekarietatea areagotzen duen jarduera bat ezartzeko egin dute hori”, adierazi dute. Eta, gehitu dute proiektua “erabakiak herritarren bizkar hartuz” bideratzen ari direla.
Hala ere, Guggenheim Urdaibairena ez dela kasu isolatu bat diote, uste baitute “mundu osoan gero eta gehiago direla” zerbitzu publikoak eta baliabide naturalak “pribatizatzen” dituzten makroproiektuak: “Errentagarritasun ekonomikoaren arabera neurtzen dituzte gure lurrak, eta turismo masiboan oinarritutako logikaren bidez, tokiko bizimoduak desagerrarazi eta naturaren ustiapen basatia bultzatzen dute: lurra, ura, energia, osasuna… merkantzia bihurtu nahian dira”.
Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxatik kapitalismoak eta patriarkatuak merkatuaren logikan “inposatu” nahi duen bizimodua salatu dute: “Ez da kasualitate hutsa. Kapitalismoak eta patriarkatuak naturaren eta emakumeon gorputzen gaineko kontrola behar dute irauteko. Urdaibain geratzen ari dena ez da salbuespena: lur komuna pribatizatu, ondasun naturalak merkantilizatu eta komunitatearen ahotsa isilarazi nahi dute. Beraz, lurraren eta bizitzaren defentsan, mezu argia: herrien burujabetza eta bizitza duina nahi ditugu. Gerrari eta kapitalismoari, ez”.

















