Arte adierazpenetik ere, genozidioa amaitzea aldarrikatu dute Gernikan
Genozidioa salatu, Palestinari elkartasuna adierazi eta egoera hau aldatzeko "mezu ozen bat" zabaldu dute gaur (maiatzak 10), Gernika-Lumotik. 'Genozidioari STOP' izeneko performance bat egin dute Pasealekuan, Gernika-Palestinak eta Artistak Genozidioaren Aurka taldekoek elkarlanean antolatuta.

Genozidioari “Stop” esan diote, beste behin, Gernikatik. Euskuahaldunak eskultoreen elkarteko kideek Artistak Genozidioaren Aurka dinamika abiatu zuten Palestinako herriak sufritzen duen genozidioaren aurrean arte adierazpenetik ere salaketa eta elkartasuna adierazteko, eta mezua Gernikatik zabaldu dute gaurkoan (maiatzak 10).
Elkarteko kideen erakusketa ikusgai egon da gaur arte Astran, eta Genozidioari STOP izeneko performance bat egin dute ekimena biribiltzeko Pasealekuan, Gernika-Palestinak eta Artistak Genozidioaren Aurka taldekoek elkarlanean antolatuta.
Hala, izara zuriak zabaldu dituzte Pasealekuan, une honetan eraildakoak izaten ari diren palestinarren gorpuzkiak irudikatzeko asmoz. Maindire horien gainean etzan dira herritarrak, eta euren gorputzak izara horiekin estali dituzte, genozidioa amaitu beharra dagoela arte diziplinatik ere adierazteko. Gainera, Palestinarekiko eta palestinarrekiko elkartasuna sustatzea bilatu dute, artea ere “ahotsa altxatzeko” beste modu bat delako.
Salaketa bestelako bide batetik plazaratu dute, beraz, gaurkoan. Artetik egin dute aldarria. Izan ere, dagoeneko 50.000 dira Palestinan hildakoak. “Artistek nahi izan dute euren adierazpidea modu praktiko batean erakutsi. Eta bestelako ekintzak behar direlako antolatu dugu gaurko ekimena”, azaldu dute Gernika-Palestinako kideek.
Genozidioa salatzea, Palestinari elkartasuna adieraztea eta egoera hau aldatzeko “mezu ozen bat” zabaltzea izan da Euskuahaldunak eskultoreen elkarteko kideen nahia: “Eskultore batzuk batu gara Gazaren mina adierazten duen erakusketa hau egiteko. Gainera, saiatu gara jendeari adierazten guk geuk ere sentitzen dugun mina nolakoa den, baita pasibotasunaz sentitzen dugun lotsa kaleratzen ere. Euskaldunok bizi izan ditugun jazarpenek Gazak jasaten duen txikiziora hurbiltzen gaituzte, eta hori salatu gura izan dugu”.
Horrez gain, europar modura, bertako gobernuek Israelekiko duten jarrerak ere mintzen dituela adierazi dute dinamikako kideek. “Gobernuen armekiko jarreraren aurka gaude. Gazaren aldeko eta Israelen aurkako ekintzak ez direla nahikoa sinistuta eroan dugu aurrera ekimena. 18 hilabeteko guda sufritu ondoren, gazatarrek bakea eta etorkizuna nahi dute, eta ez amaitu gabeko gerra hau”, gehitu dute artistek.
Eta, adierazi duten min hori erakusteko, eskultoreetako batek, bere sorkuntza lanetako bat erre du, Palestinako milaka eraikinek eta horietan bizi diren herritarrek bizi dutena islatuz.
Gernika Plaestinatik, gainera, genozidioa salatzen eta Palestinaren ondoan daudela adierazten jarraitzeko konpromisoa ere agertu dute Gernikatik, haritzetik olibondorako mezua transmitituz.








































