Imanol Epelde: "Autokritika umoretsua egin nahiko nioke egunerokotasunari"
Geuretik Sortuak proiektuaren baitan, hitz esanean oinarritzen den lana sortuko du Imanol Epeldek Ajangizen eta Muxikan egingo dituen egonaldietan. Dagoeneko egon da Ajangizen.

Bagara, baina nor? Bagaude, baina non? Bagoaz, baina nora? Geuretik Sortuak proiektuaren baitan galdera horiei buruz hausnartzen ari da Imanol Epelde sortzaile zarauztarra Ajangizen eta Muxikan, bere sorkuntza lan berria osatzeko helburuz. Euskalbiltzaren proiektuak euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatzen ditu, eta deialdi horretan parte hartu du lehenengoz. Hala, poesia eta ikus-entzunezkoak uzartuko dituen lana onduko du bi herri horietan egingo dituen egonaldietan. Artistak euskaldunak herri bezala “noraezean” dabiltzala uste du, euren txalupara ura leku guztietatik sartzen ari dela, eta saiatuko da jendaurreko emanaldi batekin urak xukatzen, ateratzen: animo oihu bat zabaldu gura du.
Geuretik Sortuak proiektuan parte hartu duzu aurten, lehenengoz. Zerk bultzatuta?
Euskara irakaslea naiz, eta izan naiz urte luzez, baina egin nahi nituen proiektu batzuk nituen buruan, baita gogoa ere, eta, ondorioz, hurrengo ikasturterako eszendentzia eskatzea erabaki nuen beka deialdi hau ikusi nuenean. Proiektu bati heltzeko aukera ona iruditu zitzaidan, eta horregatik aurkeztu nintzen Geuretik Sortuak proiektura.
Bai, ze irakasle modura ere hainbat sorkuntza proiektu gauzatu dituzu, eta bertsotan ere ibilitakoa zara. Kultur munduarekiko lotura hori sentitzen duzu?
Bai, baina beti segurura jo izan dut, irakasle postuari eutsiz. Aita ere banaiz, eta orain, umeak koskortu egin direnez, denbora gehiago ere badaukat hainbat kultur proiekturi heltzeko eta egiteko. Lanarekin eta familiarekin hirugarren gauza bat uztartzea oso zaila da, baina probatu nahi dut.
Proiektu berri honetan antzerkigintzaren arloan ariko zara.
Nahiko argi daukat ideia, baita oinarria zein izango den ere. Hitz esanarekin arituko naiz. Euskaraz ere gero eta gehiago ari dira hitz esana edo Spoken word esaten zaiona landuz jendaurreko emanaldiak egiten. Eta hortik bideratuko dut nik ere, baina horri dramatizazio edo antzerki puntu bat emanda igoko naiz eszenatokira. Bakarrik igoko naiz, bakarrik idatziko dut, baina talde bat egongo da atzean. Izan ere, ikus-entzunezkoak izango ditu, eta horiekin batera, Merina Griseko Julen Idigorasek sortuko duen musika ere bai. Gainera, antzerki zuzendaritzan Iraia Elias eta Ainhoa Alberdi arituko dira. Oinarria, beraz, hitza izango da, baina hitz dramatizatua edo antzerkitua.
Eta, gaia? Hausnarketarako bidea hartuko du lanak?
Erabat. Bagara, bagaude… baina uste dut identitate krisi baten erdian gaudela. Uste dut ez dakigula oso ondo nor garen, ez dakigula oso ondo non gauden, eta bagoazela, bai, baina askotan oso garbi jakin gabe nora goazen. Orduan, euskaldun baten ikuspegitik, horri buruzko hausnarketa bat egingo dut jendaurrean, ahalik eta modu umoretsuenean. Iruditzen zait pulpitutik ezin dela hitz egin, bertatik bertara hitz egitea dela interesgarrieta eta komenigarriena. Nik blog bat daukat: Autokritika umoretsua egunEROkotasunari. Hori da nire leloa, eta obra honekin ere, autokritika umoretsua egin nahiko nioke egunerokotasunari. Gure bizimoduan ‘pause’ botoia sakatu eta ikusi nahiko nuke zertan ari garen, nola ari garen eta saiatu identitate horri eusten eta nortasunari eusten.
Askotan ez dugu hartzen tarte bat hausnartzeko edo ze bide jarraitu erabakitzeko. Gai sakona da, askotan ahaztu egiten zaiguna.
Nik behar dut hausnarketa hori, eta uste dut herri bezala ere behar dugula. Azkarregi ari gara funtzionatzen, dena doa azkar. Hizkuntzaren ikuspegitik hitz eginda, inpresioa da herri bezala ura leku askotatatik sartzen ari zaigula, eta uste dut denbora bat hartzea eta ‘pause’ botoi horri ematea komeni dela, jakiteko nora joan nahi dugun. Obra honekin erreibindikatu nahi dut euskadun bezala garai zailak bizitzen ari garen arren, bagarela. Badagoelako premia gure herri gogoari kantatzeko, badagoelako garena mugitzeko nahia eta beharra, sentitzen dudalako gogoa. Umorez, garenari autokritika umoretsua eginez.
Hain zuzen ere, zure lanean, euskara bada oinarria.
Hizkuntza ikuspegitik, gogo zein animo aldetik apalduta gaudenaren inpresioa daukat. Ez da harritzekoa, leku guztietatik ura sartzen ari zaigula iruditzen zaidalako, baina horren aurrean, animo irrintzi bat egitera nator, ze iruditzen zait euskalgintza badela gizartegintza, eta hori izan daitekeela bidea. Euskaldun izatea gizartea eraldatzeko eta gizartea hobetzeko tresna bezala ulertzen dut nik.
Hitzen bitartez egingo duzu hori, eszenan bakarrik kokatuta, baina eszenografia oso batek lagunduta. Oholtzara bakarrik igotzera ohituta zaude?
Hautu bat izan da bakarrik aritzearena. Ez dut baztertzen hurrengo proiektu batzuetan jende gehiagorekin lan egitea, baina momentuz bakarrik ari naiz. Testuak sortu ditut, gauza batzuk hartu ditut momentuaren argazkia ateratzeko, eta gai horiei buruzko hausnarketa batzuk ere idatzi ditut hitz esanen modura. Neure burua ikusten dut horretan. Hala ere, uste dut ia beharrezkoa izango dela ikus-entzunezkoen presentzia eta musika indartsu baten presentzia ere bai, beste pertsonaia batzuk egongo balira bezala jokatuko duena. Ondorioz, ikus-entzunezkoak eta musika nirekin batera aterako dira oholtzara, eta ez naiz horren bakarrik egongo.
Ideia hori nundik otu zaizu?
Bertso mundutik nator, eta bertsoa bere horretan ere bada Spoken word kantatua, errimatua eta neurria duena. Rapa ere asko gustatzen zait, eta spoken wordaren inguruan mugitzen diren nazioarteko artistak ere, gehiago edo gutxiago, jarraitzen ditut. Eta pentsatzen nuen: hau zergatik ez euskaraz eta zergatik ez nik? Horrek tiratuta adierazpide hori lantzea erabaki dut.
Proiektura aurkeztu eta Ajangiz eta Muxika egokitu zaizkizu egonaldi artistiko modura. Ezagutzen zenituen?
Duela urte batzuk baneukan bakarkako errezitaldi bat, Komuneko papera izenekoa, eta Ajangizen egin nuen, 2011n. Beraz, Ajangizen egondakoa naiz, eta ordutik ezagutzen dut, baina Muxika ez. Bi herrietan egingo dut egonaldia. Hori 15 egunekoa izan behar da, eta baldintzetako bat bada bertako gauzekin inspiratzea eta obrara nolabait ere hemengo gauzak eroatea. Eta, horretarako, ikus-entzunezko gehienak inguru honetan grabatzeko asmoa daukat. Hiru egonaldi egingo ditut, oraingoan bakarrik etorri naiz, baina hurrengoan kamararekin etorriko naiz eta hirugarrena, ez dakit. Abuztu amaieran kamerarekin etorriko naiz, eta komeni zait ordurako jendea, lekuak ezagutzea, interesgarriak izan daitezkeenak egunerokotasunaren inguruan hitz egiteko eta horren hausnarketa egiteko.
Lehenengo deialdi hau, beraz, jendea ezagutzeko eta kokatzeko baliatuko duzu?
Kokatzeko eta obrari ere bultzada emateko. Lanean ari naiz eta ez diot obrari heldu nahi besteko jarraikortasunarekin. Eta, egonaldi hau aprobetxatu nahi dut dauzkadan post-it guztiak eguneratzeko, bateratzeko, eta egiteko zer daukadan ikusteko. Esaterako, aritu naiz azkenaldian maskulinitateari buruz irakurtzen, eta gustatuko litzaidake, egun hauetan, topatu dudan informazio guzti horrekin maskulinitateari buruzko hausnarketak hitz-esanetan jasotzen. Lehen egonaldian Ajangizen egon naiz, baina nahiko nuke egonaldi honetatik hurrengora bitartean ere Muxikako berri eta kontaktuak izatea, non grabatu eta zeinekin egon erabakitzeko. Gero, eskola txikiren batekin edo elkarteekin zerbait egitea ere ondo legoke, tailerren bat edo.
Euskara hutsean egindako artea eta kultur sormena, ekoizpena eta hedapena sustatzeko zirkuitua da Geuretik Sortuak. Horrelako proiektuak beharrezkoak dituzue sortzaileok?
Geuretik Sortuak sortzaileentzako ezagutzen dudan aukerarik onenetariko bat da. Ze, urte oso hau daukagu obra sortzeko, baina gero, 2026an, gutxienez 10 emanaldi bermatuko dizkigute. Horrek ziurtasun bat eskaintzen du bai proiektua sortzeko, bai erakusteko. Ondo asmatzen badut eta lanak ondo funtzionatzen baldin badu, oso proiektu moldagarria eta eramangarria izango da, batetik bestera mugitzekoa.